- Urtero urtero, Txorierri eskualdeko biztanleria irrikitan egon ohi da maiatzaren erdialdea itxaroten, izan ere, gaur, maiatzaren 15a, San Isidro egunaren ospakizuna izaten da, nekazarien patroiaren eguna. Tamalez, covid-19ak eragindako pandemia eta larrialdi egoera dela eta, hainbat izan dira bertan behera geratu diren ekintza ed jaialdi esanguratsuak; Iruñeako San Ferminak, Mungiako San Pedro jaiak, Sevillako Aste Santua... Oso ekitaldi zerrenda luzea utzi du koronabirusak bere atzetik eta sorta zabal honen barnean Derioko San Isidro jaiak ere barnera daitezke, izan ere, Udalak hauek bertan behera uztea erabaki zuen jende pilaketak ekiditeko eta herritarren osasuna zaintzeko asmotan. Hala ere, herriko gobernuak hau ospatu ahal izateko bide ziurra antolatu du, egun osoan zehar, Derioko txoko desberdinetan San Isidro patroiarekin lotutako jarduerak aurkeztuta: “Salbuespen egoerak derrigortuta, modu berezian ospatuko dugu aurtengo San Isidro eguna. Hori bai, jarraitu beharreko segurtasun neurri guztiak errespetatuko dira, izan ere, gure lehentasuna herritarrek inongo arriskurik ez izatea da, euren segurtasuna bermatzea. Ospa dezagun gure patroia, jarri zapia eta irten lehio edo balkoira!”, adierazi zuten Udal korporaziotik.

Goizeko 11:30etan hasiko da programazioa, izan ere, udaletxeko balkoitik txupinazoa jaurtiko dute une horretan eta, jarraian, herriko kaleak alaituko dituen kalejira bat izango da. Ondoren, eguerdiko 12:00etan, erlijiodun pertsonak elizako meza nagusian bilduko dira eta hau bukatzean trikitrixa emanaldi bat izango da kanpoaldean. Goiz potente baten ostean indarrak berrituta eta egin beharrekoak egin ostean, 19:30etan, Xaibor DJ arrakastatsua Deriora ailegatuko da bere kamioiak lagunduta. Hau herriko kaleetatik ibiliko da jendea euren etxeetatik atera gabe uneko eta betiko abesti erritmotsuenak dantzatu ahal izateko. Honela, jardunaldi arraro eta berezi bati amaiera borobila emango zaio. Nahiz eta betiko moduan ezin ospatu San Isidro eguna, Derioko biztanleriak jaialdiaren presen-tzia era nabamenean somatuko du.