Gaur egun gizartea bizitzen ari den ezohiko egoera luze honetan, jendeak bere irudimena asko landu behar izan du berrogeialdi ko aisialdia ahalik eta ondoen aprobetxatu ahal izateko. Etxetik atera ezinda, oso zaila izan da biztanleria bizkaitarrarentzako egunerokotasun emankor eta entretenigarri bat aurrera eramatea eta, horregatik, hainbat izan dira aukera desberdinak proposatu dituzten norbanako edo elkarteak. Esate baterako, Mungiako lagun talde batek Mungia Zaindu plataforma sortzea erabaki zuten Instagram (@mungia.zaindu) eta Youtube sare-sozialen bitartez mota desberdineko jarduerak eskaintzeko euren herrikideei. "Koronabirusak eragindako egoerari erantzuteko asmoz jarri genuen martxan ekimena alarma egoera eta konfinamendua dekretatu ziren asteburuan bertan. Lagun artean zetorrenari buruz hitz egiten aritu ondoren, zerbait egiteko beharrizana eta aukera ikusi genuen eta denborarik galdu gabe jende gehiago batzeari ekin genion. Norberaren egoeratik baino, krisi honi elkartasunetik eta auzolanaz erantzutea da gure helburua. Herritar bakoitzak dituen baldintza eta errealitate zehatzek egoera honen eragina guztiontzako berdina ez izatea dakarte eta instituzio publikoetatik eskaintzen ari diren laguntza asistentzialaz harago, isolamendua apurtu, konfinamendua arindu eta sortu daitezkeen bestelako beharrizan ez hain agerikoei erantzutea da asmoa, gertatzen ari denaren gaineko ikuspegi kritikoa ere alde batera utzi gabe", azaldu zuten plataformako zenbait kidek.Behin ideia mahai gainean jarrita, pertsona ugari mota desberdinetako edukiak lantzen hasi ziren; kirol eskolak, ehungintza tailerrak, sukaldaritza errezetak, elikadura gomendioak... Mungia Zainduk dituen YouTube kanala edo Instagram kontua jarrai tzen duten herritarrek aste osorako plangintza bikaina daukate eskuragarri. Esate baterako, Marta Pereak, Athleticeko jokalariak, entrenamendu fisiko batzuk aurkeztu zituen pasaden domekan eta, berarekin batera, Taket Bertso Eskola mungiarreko kideek ere bertso-saio bikain bat eskeini zuten marianitoraren ordua alaitzeko ikusentzuleen etxeetan. Gainera, Belako taldeak ere zuzeneko emanaldi bat eskeini zuen aurreko egunean. Baina, nahiz eta oso programazio zabal eta anitza daukan plataformak jada, honek ateak zabalik ditu herritarren proposamen edo eskariak entzuteko eta harreman sare hau ahalik eta gehien zabaldu eta handitu ahal izateko. Unerarte, oso partaidetza handia izaten ari da Mungia Zainduko ekintza zerrendak, hauek eskaini zein jasotzen: "Dagoeneko 20tik gora saio programatu dira eta bakoitzaren atzean gutxienez pertsona bat dago (kasu ba tzuetan kolektibo oso bat), horri programazio eta kudeaketa teknikoan dabilen lan taldea gehitu behar zaio, zuzeneko saioetan iruzkinen bidez parte hartzen ari direnak zein edukia jasotzen ari direnak... ehundaka herritar gaude modu honetan saretuta eta gero eta gehiago gara".

herrilanaren garrantzia

Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera honetan, elkarlana oso garrantzitsua izan da berrogeialdiari eta, orokorrean, krisialdiari aurre egin ahal izateko. Horregatik, talde mungiar honen aburuz, erabatekoa da herritarrek honelako ekimenak propsatu eta aurrera eramatearen garrantzia: "Modu kolektiboan eragiten diguten egoera zein arazoei erantzutearen ardura osoa instituzio publikoen esku uztearen ideia nahiko hedatuta dago gure gizartean. Norbanakoen eran tzukizuna sustatzen ari da kanpaina eta mezu desberdinen bidez eta guk egoerari kolektiboan erantzun behar zaiola uste dugu. Hortaz, herritarrok dagokigun lekua hartu, antolatu eta bidea erakusteko ardura ere badugu, eta bizitzen ari garen salbuespenezko egoera ezezagun honen aurrean aktibo eta batuta egotea ezinbestekoa deritzogu". Hau kontuan izanik, plataformako kudeaketa taldeak proiektu honi jarraipena ematearen intentzioa dauka, larrialdi egoerak ekarri dezakeen krisialdi ekonomiko eta sozialari "elkar eginda, saretuta eta auzolanean" erantzun ahal izateko, herritarren beharrizanei ahal den neurrian erantzunda eta hauek beteta.