- Asteburu honetan, Mungiako etxebizitzatako hozkailu eta despentsa ugari kalitatezko produktu naturalez gainezka egongo dira ziurrenik, izan ere, atzoko goizeko 8:00ak eta 13:00ak bitartean Baserritarren Plaza berriro ireki zen. Larrialdi egoera zela eta, Udalak eskualdeko ekoizleen eta bezeroen arteko topagunea denboraldi batez ixtea erabaki zuen segurtasun kontuak direla eta. Denbora tarte horretan zehar, herriko gobernua lanean ibili izan da merkatuko pertsona partehartzaileen osasuna eta segurtasuna bermatuko zituen eremu bat antolatu ahal izateko eta, herriko Babes Zibilaren laguntzarekin, hau posiblea izan zen atzo.

Goizean zehar egon zen klima eguzkitsuak oso paisaia polita marraztu zuen Andra Mari Gunean eta Matxin Plazan. Bertan, mungiarrak euren erosketak egiten ibili ziren inguruko baserritarren produktu bikainak eskuratu eta eurekin hartu-emana izanda; denak Babes Zibileko kideek banatu zituzten maskara, eskularru eta el higienizanteak erabilita. Gainerako segurtasun neurriei dagokienez, postutxoetako atentzioa banakakoa izan zen, jende pilaketak ekiditeko, eta Andra Mari Gunean 20 pertsona sartu zitezkeen gehienez. Salmenta alorrean, bestalde, saltzaileek bakarrik ikutu zitzazketen lehengaiak eta euren artean beharrezko segurtasun distantzia mantendu zen uneoro.

Aste ugariren ostean, biztanleriak oso erantzun ona izan zuen eta hainbat izan ziren eguneko erosketak egitera Baserritarren Plazara hurbildu zirenak. Ager Izagirre, alkatea, ere bertan izan zen bere maskara eta eskularruak jantzita: “Lan asko egin dugu gaur segurtasun osoz zabaldu ahal izateko azoka eta oso pozik gaude jende asko hurbildu dela ikusteagatik. Bestalde, uste dugu inguruko baserritarrentzako ere oso gaarran-tzitsua dela euren produktuak non saldu izatea eta eurengatik ere asko pozten gara”. Bete-betean asmatu zuen alkate mungiarrak ekoizleen ikuspuntuaren inguruko gogoeta egitean. María Luisa Gangoiti baserritarraren kasuan, hainbat hamarkada daramatza mungiarrak barikuro bere produktuak eskain-tzen, horregatik, oso garraantzitsua izan zen berarentzako atzoko zita: “Asko igertzen genuen azokaren falta. Aste gogorrak bizi ditugu azken aldian gure produktuei irteera emateko aukerarik gabe, horregatik oso garrantzitsua da Baserritarren Plaza berriro ere irekita egotea”. Beste alde batetik, mungiarrak erosleekin harremana berreskuratzearen garrantzia ere azpimarratu zuen.

Hartu-eman honetan beste aldea betetzen duten pertsonek ere oso modu positiboak ikusi zuten barikuetako azokaren irekiera. “Oso positiboa da merkatu honen itzulera. Oso auker aona da kalitatezko produktu bikainak eskuratzeko, naturalak eta inguruko baserritarrek ekoiztutakoak. Gainera, uste dut, gaur egun bizitzen ari garen egoera kontuan izanik, erosteko modu segurua dela, espazio ireki batean eta beharrezko distantziak mantenduta. Supermerkatura joatea baino ziurragoa, nire aburuz”.

Horrenbestez, Mungiako biztanleriak badauka berriro bere barikuetako topagunea. Goizetan Matxin Plazara edo Andra Mari Gunera hurbildu ezkero, denboraldiko barazki onenak eskuratzeko plaza izango dute, inguruko jendearekin tratatzeak ematen duen hurbiltasuna gehituta. Kontuan izanda, gainera, covid-19aren kutsaketa ekiditeko beharrezko neurri desberdinak hartu direla, are gehiago.