Gaur egun, oso egoera zaila bizitzen ari da euskal gizartea Covid-19 edo coronavirus delakoak eragindako pandemia dela eta. Herrietako kaleak oso arraro daude egun hauetan Eusko Jaurlaritzak eta instituzio desberdinak gizarteari emandako argibide desberdinak direla eta, hainbat dira ateak itxi dituzten gune eta lokalak. Honen aurrean, Ager Izagirrek, Mungiako alkateak ardura mezu argi bat bidali zion herriko biztanleriari: “Oso osasun egoera gatza da hau, horrenbestez oso garrantzitsua da bakoitzak, norbanakoak ahal duen einean laguntzea. Mungia oso herri arduratsu eta solidarioa da eta, kasu honetan, jendeak egin dezakeen gauza onena etxean geratzea da. Mesedez, egin kasu Eusko Jaurlaritzako osasun zerbitzuek emandako argibideei denon artean ahalik eta arinen ebazteko honelako egoera larri bat”. Beste alde batetik, herriko Babes Zibilaren papera azpimarratu zuen Izagirrek, izan ere, bertoko kideak honelako larrialdietan herriko jendea laguntzen dute modu desinteresatu batean. Kasu hau kontuan izanda, elkarteak herriko jendearen laguntza eskatu du, horrenbestez, Udalaren web-gunean Mungiako Babes Zibilarekin kolaboratu nahi dutenentzako datu-inprimaki bat argitaratu dute. Bertan, jende interesatuak aldera desberdinak erantzun beharko dituzte; esate baterako zein den euren lanbide edo lan egoera, zein gidabaimen daukaten, zein arrazoigatik izan nahi duten honelako kimenetako partaide eta abar luze bat. Behin inprimakia beteta, babeszibila@mungia.eus helbide elektronikora bidali beharko dute eta, ondoren, elkarteko kideak komunikazioa ezarriko dute. Hortaz, etxean geratuta baino beste modu batzuetan lagundu nahi duten pertsonek badaukate beste bide berri bat eta honela, alkateak aipatutako elkartasuna argi geratuko da.