Mungia - Mungiako Udalak, Ager Izagirrek burututako proiektuaren arabera, herriko gune desberdinetako irisgarritasuna hobetzea EAJren lehentasunezko kontua izango zela adierazi zuen ekainean hasitako legealdi berriari begira. Oraingoan, Mungiberri auzoko biztanleak izango dira berrikuntza hauetaz baliatuko diren mungiarrak, izan ere, atzo hasi ziren guneko irisgarritasuna, bizi-kalitatea eta higikortasuna hobetzeko lanak. Orotara, hiru kalek biziko dituzte ekintzen kalteak; Atxurizubi, Guridi Eresgille eta Intxausti Eresgille kaleak. Azken bi hauetako sei bidegurutze guztira birmoldatuko dira mugikortasun arazoak dituzten pertsonen zirkulazioa hobetzeko intentzioarekin. Helburua lortu ahal izateko, Udalak espaloiak handituko ditu, izan ere, modu honetan, bertatik igaroko diren mungiarrek errepide eta kaleko perspektiba irekiagoa izango dute. Honetaz gain, altuera maila desberdinetan dauden espaloi edo kaleen loturak erreztuko dira biztanleriak inongo arazorik izan ez izateko.

Bestalde, Atxurizubi eta Intxausti Eresgille kaleetan ere hasi dira berrikuntzak ezartzeko lanak. Bertan, auto gidariak izango dira hobekuntzak aprobetxatu ahal izango dituzten giza talde nabarmena, izan ere, 20 aparkaleku berri izango dituzte atzo hasitako lanak bukatzean.

Mungiako Udalaren arabera, Mungiberriko ekintzak 60 egun barru bukatzea dago aurreikusita, hots, urriko amaiera eta azaro hasiera bitartearako. Orokorrean, 194.133,17 euroko gastua suposatuko dute irisgarritasuna hobetzeko lan hauek. Bere eskutik, Ager Izagirre, Mungiako alkatea, pozik azaldu zen proiektu honen ekintza hasiera dela eta: “Proiektu horrek aurrepauso handia ekarriko dau, esparru horretako guneak hobetuko dira, baita auzokideen eguneroko bizimodua ere”. Hortaz, hilabete pare baten buruan kale erosoagoetaz gozatzeko aukera izango dute Mungiberriko auzokideek. - O. Pérez