BILBO. Sopela Kosta Fest jaialdia irailaren 19 eta 22 artean ospatuko da. Hesian eta El Canijo de Jerez dira aurtengo kartel-buruan doazen artistak. Sopela Kosta Fest jaialdiak ehunka jarduera erabat doan eskainiko ditu. Jaialdiak IHOBEren ‘Erronka Garbia’ ekimenarekin bat egin du ingurugiroan sor litezkeen eragin negatiboak murrizteko. Jaialdiaren lehentasun nagusienetariko bat erabiltzen den plastikoa murriztea izango da.

Horretarako, Sopela Kosta Festeko antolatzaileek inguruari errespetua izanik betetzen diren jarduerak identifikatuko dituzte, ezagutza honen bitartez hobetu daitezkeen arloak zehaztu ahal izateko. Jaialdiaren seigarren edizioak finkatu dituen helburu zehatzen artean da plastikoaren erabilera murriztea. Horretarako berrerabili daitezkeen edalontziak edo biodegradagarriak banatuko dira, guztiak SKF-en eta Erronka Garbiaren ikurrarekin. Dibulgazio-lanak egiteaz gain, ontziok berreskuratu ahal izango dira, erabilera berriak emateko.

Hesian taldea eta El Canijo de Jerez dira Sopelako jaialdiak aurten izango dituen kartel-buruak, eta oholtza gainean arituko dira Cooper, Tachenko, Nerabe, Nøgen, Natali, Lukiek, Mississippi Queen and the Wet Dogs eta Larry Bird musikari eta taldeak.

Ohikoa denez, Sopela Kosta Festen seigarren ekitaldiak ehunka jarduera eskainiko ditu, guztiak doan, kirolarekin, jolasekin eta hezkuntzarekin zerikusia dutenak, beti bezala surfa, natura, bodyboarda, kayak-surfa eta skatea ardatz hartuta. Horrekin batera, euskal zirkuituko hainbat froga garrantzitsu ere jokatuko dira.