mungia - Mungiako Udalak domekan bukatu ziren San Pedro jaien balorazioa egin du. Hainbat izan dira Jai Ba-tzordeak eta bestelako entitateek kontuan hartu dituzten aspektuak. Behin analisi orokorra eginda, oso ondorio positiboak atera direla aitortu zuen Alaitz Erkorekak, Mungiako alkateordeak: “Oso pozik gaude jaiek izan dituzten emaitzekin eta egin duen eguraldi ezin hobearekin ere bai”.

Hamar egun iraun zituzten jaietan hainbat izan ziren Mungiako eta inguruko herrietako biztanleentzako antolatu ziren mota askotako ekitaldiak; kirola, musika, gastronomia, erakustaldiak eta abar luze bat. Hauetan eta Udalaren arabera, mungiarrek oso erantzun positiboa jaso zuten ekintza desberdineak: “San Pedro jaietarako antolatu diren ekitaldi guztietan egon da jende asko. Bai mungiarrak, bai kanpotik bisitan etorri zaizkigun pertsonak benetan eta gogoz inplikatu dira, kontzertuetan, ekintza gastronomikoetan, kiroletan, ikuskizunetan... adin guztietako jendea hurbildu da eta, horren ondorioz, jai-giro bikaina egon da. Jai Batzordean gogotik lan egin dugu, baina lortutako sariak merezi izan du. San Pedro jaiak pluralak, parte-hartzaileak, errespetuzkoak, euskaldunak eta berdintasunezkoak dira, eta horrelakoak izaten jarraitzea nahi dugu”.

Sukalki Txapelketa eta Baserritar Eguna izan ziren, beste askoren artean, partaidetza nabermenena izan zuten ekitaldiak. Lehenengoan, 200 lapiko bain gehiago izan ziren lehiaketan eta bigarrenean, San Pedrotxu egunerako prestatutako gune desberdinak jendez gainezka azaldu ziren. Gainera, egun berean ospatu zire herri-kirol ekintzek ere garrantzi handia izan zuten, izan ere, harri-jasotze eta enbor-ebaketa emakumezko kategoriako euskal txapelketa ospatu zen.

Musikari dagokionez, San Pedroetarako euskal musika taldeen aldeko apostu garbia egin zuen Jai Batzordeak; horren isla argi eta garbia izan ziren Gatibu, Korrontzi, McOnak, Travellin’ Brothers Big band, Gozategi, Huntza eta Urratsen kontzertuak. Haietan arrakastatsuenak Alex Sardui eta bere taldekideek lehenengo barikuan eman zuten emanaldiak milaka pertsona bildu zituen Foruen Plazan. Bestalde, Huntza eta Gozategirenak ere oso jendetsuak izan ziren, nahiz eta mungiarrentzako, ikuskizun bereziena Korron-tziren aktuazioa izan zen, izan ere, hiru herriko banda bildu zituen Mungiako eszenatoki gainean. - O. Pérez