BILBO. Hesian taldea eta El Canijo de Jerez artista izango dira Sopela Kosta Fest jaialdiaren seigarren ekitaldiko kartel-buruak, irailaren 19 eta 22 artean. Sopelako udalak, antolatzailea den aldetik, udaletxeko plazako oholtza nagusian arituko diren 10 kantari eta taldez osaturiko egitaraua aurkeztu du.

13 urteko ibilbidearekin, Hesian talde nafarrak ostiralean hurbiltzen diren guztiei ‘Hasiera’ bere azken diskoko abestiak eskainiko dizkie, bai eta gazteenen artean hain ezagunak diren beste hamaika abesti ere. Tachenko zaragozarren indie-popa; Nerabe donostiar gazteen popa; Natali Izagirre usurbildarra buru duen Natali taldea; eta Mississippi Queen and the Wet Dogs bilbotarren soula izango dira kontzertuen lehen egun honetan joko duten beste artistak.

Larunbatean, irailaren 21ean, El Canijo de Jerez izango da kartel-burua, hau da, 12 urtez Los Delinqüentes flamenko-pop taldearen buru izan den Marcos del Ojo Barrosoren beste pertsonaia. Alex Díezek, Los Flechazos taldeko buru ohiaren Cooper taldeak eta bere mod-popak; Nøgen donostiarren folk-popak; Larry Bird laukote bilbotarrak eta Belako taldeko gitarra-jolearen egitasmo paraleloak, Lukiek taldeak, osatuko dute kontzertuen bigarren egun gau.

Ehunka jarduera doan, tartean skatea

Ohikoa den bezala, Sopela Kosta Festen naturarekin eta surfaren, bodyboardaren, kayak-surfaren edo skatearen kulturarekin zerikusia duten ehunka jarduera eskainiko dira, eta denak musu-truk. Horrez gain, euskal zirkuituko hainbat lehiaketa esanguratsu egingo dira.

Aurtengo berrikuntzetako bat skate kirolaren eskutik dator, Euskadiko skate zirkuituaren lehiaketetako bat egingo baita ‘bowl’ modalitatean, eta Patinajeko Euskal Federazioaren skateboard sailak antolatuta. Larunbatean egingo da, Sopelako skate-parkean, Arriatera hondartzan.

Gainera, igandean, arratsaldeko 17:00etan, Silvia Serret skater profesionalak emakumeei zuzendutako ‘masterclass’ bat emango du. Guztira 15 plaza eskainiko dira, beraz, aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da.

Beste berrikuntza bat parkour hastapenetako tailerra izango da, Parkour Bilbao erakundearen eskutik. 10 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduko da, eta guztira 30 plaza eskainiko ditu.

Sopelako Udalaren eta Euskal Herriko Surf Federazioaren arteko elkarlanak beste urte batez bere horretan jarraituko du, eta Euskal Herriko zirkuituko hainbat froga hartuko dira jaialdiaren baitan, maila guztietan, bai eta kluben arteko lehiaketa ere.

Herriko bost surf eskola arduratuko dira kirol honetan erabat doan hasi nahi dutenei oinarriko jarraibideak ematen, doako surf ikastaroetan. Plaza mugatuak daude, 11 urtez gorako neska mutilentzat.

Horrez gain, Peña Txuri Surf Eskolak egokitutako surf ikastaroak eskainiko ditu, olatuak hartzeak sentiarazten duena behar bereziak dituzten gazteek ere ezagutu dezaten.

Barrika Piragua Taldeak eta Bizkaiko Piraguismo Federazioak III Kayaksurf Kopa antolatuko dute, bai eta lehen waveski opena ere.

Hasteko, surf zinema proiekzioak

Sopela Kosta Fest hasteko, udaletxeko plazan ezarriko den pantaila erraldoian surfeko filmak ikusiko dira, ostegunean. Emanaldiak iluntzeko 20:30ean abiatuko dira, eta ‘La ola sin fronteras’ (74’), Joaquín eta Julian Azulay ‘Los Gauchos del mar’ egileen lana ikusi ahal izango da (gazteleraz ingelesezko azpitituluekin); ‘One shot’ (30’), Russell Ord argazkilari australiarraren filma (ingelesez gaztelerako azpitituluekin); eta Anne-Flore Marxer snowboarder suitzarraren ‘A land shaped by women’ (26’), (ingelesez gaztelerako azpitituluekin).

Ostegunean bertan, euskal kostaldeko surfaren historiari buruzko argazkien erakusketa zabalduko da. Aitzindarien irudiak, olatu onenak, olatu handietako surfa, euskal surfaren artea, surfaren industria, emakumeen bateratzea eta lehiaketak erakusten dira bilduma honetan. Sopelako hondartzetan garatutako surfari buruzko irudiak ere bilduko ditu. Kurtzio Kultur Etxean urriaren 8ra arte egongo da zabalik erakusketa, doan hau ere.

Eta igande goizean udaletxeko plazara hurbiltzen direnek, Bizkaiko Garagardo Elkarteko egileek sortutako edariak dastatu ahal izango dituzte, ekoiztetxeetara bisita birtuala egin, eta ‘La Gilda del Norte’-ren Sopelako gilda onenak jan.

Kontzertuen ordutegiak:

Irailaren 20an (ostirala)

20:00 Mississippi Queen and the Wet Dogs

21:00 Natali

22:00 Nerabe

23:15 Tachenko

24:45 Hesian

Irailaren 21ean (larunbata)

20:00 Lukiek

21:00 Larry bird

22:00 Nøgen

23:15 Cooper

24:45 El Canijo de Jerez