LAUDIO. Herriko gazteekin duen komunikazioa hobetu egin du Laudioko Udalak, Gazte On programa estrategikoari esker. Facebook eta Instagram izan dira aukeratutako plataformak gazteei hurbiltzeko, eta badirudi arrakasta handia izan duela ekimenak.

Juan Jesus Merchan Gazteria zinegotziak jakinarazi duenez, “Bi bide horiek ezarriko dira ahalik eta gazte gehienengana iristeko”, eta “gazteen sektorearentzat interesgarria den informazio espezifikoa eta eguneratua banatuko da, betiere gazteen ezaugarri eta beharretara egokituta, Gazteria Zerbitzuarekin koordinatuta”.

GAZTE-LEIHATILA BAKARRA

Hedapenaren barruan, gai interesgarriak jakinaraztea aurreikusi da, hala nola enplegurako laguntzak, diru-laguntza publikoak, lan-eskaintzak, tailerrak edo gazteentzako ekimenak, bai eta gazteentzako interesgarriak izan daitezkeen beste udal-gai batzuk ere. Horretarako, “Laudioko udal sail guztietatik datorren informazioa bilduko da, baina Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, sortzen dituzten eduki guztiak partekatuko dira”, adierazi du zinegotziak.

Helburua da komunikazio-kanal berri horien ezaugarriak hauek izatea: zeharkakotasuna (koordinazioa eta sareko lana), errespetua, bizikidetza, aniztasunaren sustapena, baliabideen iraunkortasuna, ingurumenaren zaintza, hizkuntza-aniztasuna, genero-ikuspegia, berdintasuna, garapenerako lankidetzaren ikuspegia eta nazioarteko elkartasuna eta berrikuntza.

Facebookeko profilean sartu ahal izateko, nahikoa da Gazte On Laudio bilatzailean idaztea; Instagrameko profila jarraitzeko, halaber, Gazte On Laudio plataforman bilatuz ere sar daiteke ”, esan du Juan Jesus Merchanek, eta gazteak Udalarekiko komunikabide berri honetan aktiboki parte hartzera animatu ditu.