LAUDIO. Egun gutxi falta dira hain berezia izan den 2020ari agur esateko eta, beraz, urtearen balantzea egiteko momentua da. Hala, Laudioko Udaleko gobernu-taldeak 2020eko kontuak aurkeztu egin ditu.

Urtero, gobernu-taldeak plan operatibo bat diseinatu eta egiten du, ekitaldi horretan landu beharreko jarduerak zehaztuz, ekimenei lehentasuna eta egutegia emateko, beharrezko baliabideak (giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak) aintzat hartuko dituen plangintza errealista eta egingarri batean oinarrituta.

Plan honek legegintzaldiaren jarraipen-batzorde bat du, alkateak eta zerbitzuetako zinegotziek osatua, 2019-2023 aldirako zehaztutako helburu estrategikoak betetzen direla zaintzeko, legegintzaldiko aginte-taula zehaztu eta eguneratzeko, eta proiektuen eta jardueren ezarpen-mailaren jarraipena egiteko.

Era berean, desbideratzeen analisia egitea eta neurri zuzentzaileak proposatzea, planean sar daitezkeen proiektu eta jarduketa berriak definitzea eta zehaztea, eta eragileen arteko elkarrizketa eta parte-hartzea koordinatzea jarduerak gauzatzean. 2020. urte honetan, jarduera-ildoen % 67 landu dira dagoeneko, eta urtearen amaieran kalkulatutako % 26ko aurrerapena gainditzea espero da.

Hauek izan dira Laudioko Udalak 2020an egin dituen obra eta inbertsio nagusiak:

  • Aretako ikastetxea: atezainaren etxea psikomotrizitate-gela berri batean birmoldatzea.
  • Liburutegi berriaren ekipamendua hornitzea eta muntatzea.
  • San Bartolomeko saneamendu-sarea eta ETAP konexioa berritzea.
  • Aiarako Lurraldearen kaleko irisgarritasuna hobetzea.
  • Tenis-pista estalia eraikitzea Gardea kiroldegian.
  • Asfaltatze-plana: 12 puntu asfaltatzea hainbat auzotan.
  • Anbulatorioan zerbitzu-bide bat eraikitzea.
  • Ermualdeko sarbideak eta mugikortasuna hobetzeko obrak.
  • Karmengo Amaren kalea urbanizatzea - II. fasea.