LAUDIO. Lehenengo eta bigarren hezkuntzako ikasleen gurasoei mugikorra eta tableta erabiltzen ikasteko oinarrizko bi ikastaro eskainiko ditu Laudioko Udaleko Gazteria Zerbitzuak. Kurtso biak erabat doakoak izango dira.

Juan Jesus Merchan Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak gaur goizean jakitera eman duenez, "Lau ordu dituzten eta doakoak diren ikastaro hauei esker, parte hartu nahi duten gurasoek gailu digitalen oinarrizko erabilera ikasiko dute, eta xehetasun handiagoz ezagutuko dituzte Instagram, Whatsapp, YouTube eta Snapchat bezalako sare sozialak eta horiek eskaintzen dituzten funtzioak".

Era berean, parte-hartzaileek zuzenean jakingo dute non dauden datuak tresna digitaletan eta aplikazio mugikorretan, pribatutasun-aukeren bidez. "Gurasoak gehien kezkatzen dituen beste gaietako bat adingabeek sare sozialetan izan ditzaketen arriskuak jasotzen dituena da, eta ikastaro horiei esker jakin ahal izango dute hori", adierazi du zinegotziak.

Halaber, aholkuak eta gomendioak emango dira erabiltzailearen oinarrizko segurtasuna bermatzeko, eta legezkotasunari, irudi-eskubideari, ohoreari eta intimitateari buruzko datuak emango dira. Merchanek aurreratu duenez, "Ikastaroak modu digitalean grabatuko dira, nahi duen edonork etorkizunean udalaren webgunearen bidez ikusteko aukera izan dezan".

ORDUTEGIA ETA IZEN-EMATEAK

Ikastaroaren ordutegia urriaren 20an eta 27an 16:00etatik 18:00etara izango da, Aretako Fabian Legorburu HLHIko Liburutegian, eta 22 eta 29an erabilera anitzeko gelan 17:00etatik 19:00etara.

"Ikastaroan parte hartu nahi dutenek izen-abizenak, telefono zenbakia eta adina adierazi beharko dituzte Udaleko Gazteria Zerbitzuan, 08: 00etatik 14: 30era, 94 403 48 50 telefonoaren bidez edo hezkuntza@laudio.eus posta elektronikoaren bidez", amaitu du Juan Jesus Merchanek.