LAUDIO.Konfinamendu garaiak arazoak sor ditzake etxebizitza berberan bizi diren pertsonen artean, denbora asko ematen baitute elkarrekin. Horregatik, Laudioko Udaleko Nerabeen eta Gazteen Politika Aktiboen Zerbitzuak Zuzen ekimena abiarazi du. Ekimen horren bidez, seme-alaba nerabeak dituzten familiei zerbitzu psikologikoa eskainiko zaie, konfinamendua ahalik eta hoberen eramateko.

Profesionalek ematen dute zerbitzua, eta seme-alaben portaerengatik kezkatuta dauden familien eskaerari erantzuteko sortu da. Hala, Zuzen 12 eta 21 urte bitarteko Laudioko nerabe eta gazteen guraso eta senideei zuzenduta dago, baldin eta orientazioa eskatzen badute portaera edo arrisku-egoeraren bat izateko, eta familian eta/edo eskolan zailtasunak, arazoak edo gatazkak badituzte. Udalerriko ikastetxeetan matrikulatuta dauden gazteei ere zuzenduta dago, nahiz eta bertan bizi ez.

Normalean, jokabide arazotsuek, nerabearen garapen ebolutiboan etete edo desoreka bat eragiteaz gain, pertsona helduekin zein berdinekin harreman sozialak ezartzea zailtzen dute, eta nerabearentzat eta haren ingurukoentzat, maila pertsonalean, familiarrean eta sozialean, ondoez garrantzitsu bat sortzen has daitezke.

Hala ere, neska eta mutil gehienek arrakastaz gainditzen dute nerabezaroa, baina garrantzitsua da kontuan hartzea aldagai askok eragin dezaketela gazte bat heldu, arduratsu eta gai izatera iristea. Gertakari frustragarri batzuk gertatzen diren arren, eta pazientziaren mugan, garrantzitsua da gurasoek nerabearen berri izatea, hari entzutea eta haien portaeren bidez eskaintzen dituzten "arrastoak" irakurtzea. Horrek lagunduko du hobeto ikasten eta ulertzen nola pentsatzen, sentitzen eta egiten duten, eta erne egoten aldi horretan sor daitezkeen zailtasunen edo arazoen aurrean.

Zuzen zerbitzuaren aholkularitza eta laguntza jaso nahi dutenek 944034850 telefono zenbakira deitu beharko dute 08: 00etatik 14:30era, edo hezkuntza@laudio.eus edo gazteria@laudio.eus helbideetara idatzi, izena eta harremanetarako telefonoa gehituta.