2021-2022 futbol denboraldia bukatutakoan Penta futbol zelaiko berdegunea ordezkatuko dela iragarri dute Bermeoko Udaleko arduradunek. "Lan hauek burutzeko 198.183,57 euro bideratuko" direla nabarmendu dute. Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen diru-laguntzari esker egitebn dira lanok. 78.460 euro lortu dira lan hauek egiteko. "Berdegunea aldatzeko lanak bukatzen direnean, Penta futbol zelaiak beste itxura bat izango du", adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Berualak egindako txostenaren arabera, Itxas Gane ondoko Penta zelaia 2003an bihurtu zen belar artifizalekoa eta "bere bizitza bakiagarriaren amaiera" heldu dela iritzi zioten. Beharrezko zuen berritze-prozesu bat izatea, baita ureztatze-sistema berri bat ezar-tzea ere. Aldez aurretik aldagelen gunea berriztu eta argiteria modernoago eta efizienteago bat ezarri dute. "Pausoka joan gara baina, hartu genuen konpromisoa betez, argiteria, aldagelak eta berdegunea bera berritzea lortu dugu. Kirol instalazio hau oso garrantzitsua da herriarentzako. Herriko ume eta gazte askok bertan kirola egiten dute", azaldu duenez. Izan ere, "gure helburu estrategikoetako bat da herriko kirol instalazioak hobetzea. Udal honek esfortzu handia egin du zentzu horretan", bukatu du Abaroak.

Uda partean egingo diren berriztapen lanez gain, Bermeoko Penta futbol zelaian jada hainbat lan burutu dira azken hilabeteotan. Duela gutxi zelaiko argiteria berritu zen. "Halogenuro metalikoak LED sistemarekin ordezkatuko ziren, efizientzia nabarmen hobetuz (%71-ko aurrezpen energetikoa)", diotenez. Lan horiek burutzeko 35.878,15 euro bideratu ziren, BEZ barne. Bada, oraingoan, aldagelak ere berritu dira. Besteak beste, igeltserotza, arotzeria eta margotze lanak burutu dira, instalazioak nabarmen hobetuz.

"Penta futbol zelaian hainbat berritzelan burutu ditugu. Kirol instalazio hauek urteak zeramatzaten inbertsiorik jaso gabe eta ordua zen hainbat gauza berritzeko. Duela aste gutxi halogenuro metalikoak LED sistemarekin ordezkatu genituen eta, oraingoan, aldagelak berritu ditugu udaleko brigadak eta Enplegu-Planei esker kontratatutako langileek egindako lanari esker. Itxura asko hobetu da", nabarmendu du Abaroak. Besteak beste, "alikatatu guztiak birpasatu dira. Akatsak zuzendu eta, behar izan den kasuetan, gainera, apurtutako baldosak ordezkatu dira. Hormetako eta sabaiko altxatuak ere zuzendu dira". Azkenik, ateak edota markoak txukundu dira, berriz margotuz..