Atzo aurkeztu zuten Euskadirako Helmugako Turismoaren Jasangarritasuneko Lurralde Plana, Europar Batasunetik etorritako Next Generation Funtsekin finantzatuko dena eta Turismoaren Biltzar Sektorialean atzo onartu zena. Eta aurtengo deialdiaren baitan, 11 proiektu hautatu dituzte, horietako bi Lea-Artibai eskualdean garatuko direnak, bata Lea Ibarrako Amankomunazgoan kokatzen den Lea ibilbidearen baitako azpiegiturak hobetzeko eta bestea Lekeition kokatutako gune turistikoak birgaitzeko asmoarekin.

Javier Hurtado sailburuak gidatutako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailarenhelburua "helmugen modernizazioan eragina izatea da, lurralde-kohesioa eta garapen turistiko orekatua indartuz, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren babespean", gaineratu dute Lekeitioko Udaleko bozeramaileek. Eta berebizikoak izango dira koronabirusaren pandemiaren ostan azpietgitura horiek mantendu edota berriak eraikitzeko. "Funts hauek jasoko dituzten proiektuen artean Lekeitio eta Lea Ibarrarena aurkitzen da. Proiektu biek helburu bera dute: GR-38a eta honen inguruko baliabide turistikoak balioan jarri eta indartzen jarraitzea", gaineratu dutenez. Eta besteak beste, azpiegiturak sostengatzea izango dute xede nagusi, batez ere Lekeitiori dagokionez.

"Horretarako hainbat lan bideratuko dira", gaineratutakoaren arabera. Alde batetik, "Lekeitioko proiektuak Mendieta ontziola birgaitzea, Garraitz uharteari parke arkeologiko gisa balioa ematea, Santa Katalinako itsasargirako irisgarritasuna eta aterpetxeen birgaitze jasangarria hartzen ditu bere barnean. Guztira milioi bat euro bideratuko da hobekuntza hauetara". Urteak dela martxan jarritako egitasmoak dira hauek edota etorkizunean erralitate bihurtuko direnak. Kasu batzuetan gainera, beste hainbat erakunderen esku diren proiektuak dira, edota beste erakunde batzuen laguntza ere jasoten dutenak.

Lea Ibarrean ere

Bestalde, Lea Ibarrako proiektuaren barnean "Lea ibilbideko oinezkoentzako bidean zurezko eta zoladurako pasabideetan segurtasun hobekuntzak egitea, Hiruzubiko bainurako eta aisialdirako gunea egokitzea eta Bengoleako monumentu-multzoaren zaharberri-tzea" kokatzen dira. "Lan hauetarako milioi bat euroko funtsa jasoko" dela nabarmendu dute aipatutako iturriek. "Elkarlanean egingo dira" proiektuok, Lea Ibarrako herriek -oraintxe Mankomunazgoan sartu den Lekeitio; eta lehendik zeuden Amoroto, Mendexa, Aulesti, Gizaburuaga eta Munitibar-, Azaro fundazioa eta Leartibai Garapen Agentziaren bidez garatu direlarik.

Aipatzekoa da "funtsak jaso-tzeak aukera paregabea sortuko duela egun dauden baliabideak hobetzeko eta balorean jartzeko, herritar zein bisitarientzako zerbitzu hobeak eskaintzeko aukera emanez", adierazi dute.