- Lekeitioko Udalak eskolako patioa estaltzeko obrak hasiko ditu datorren urtean. Udalak egingo duen inbertsioetako bat da, 2022rako udal aurrekontua onartu baitu. Ia hamar milioi euroko aurrekontua da, eta nabarmentzekoa da 2021ekoa baino bi milioi euro gehiago dituela. Nabarmentzekoa da ere, udalerrian inbertsioak egiteko erabiliko den partida, 1.300.000 euro baino gehiagokoa. Kopuru aipagarria da, hamar milioi eurora iristen ez den aurrekontu osoaren barruan.

Lekeitioko Udalak datorren urteko aurrekontua onartu zuen azken osoko bilkuran. Guztira 9.906.300 euroko aurrekontua izango du Udalak. Udaleko arduradunek azaldu dutenez, "azken bi urteetako aurrekontu eta planifikazioarengan eragin handia izan du pandemiak eta lehentasunak ondo finkatu behar izan dira, lekittarren oinarrizko beharrizanei erantzuna emateko". Hori kontuan hartuta, 2022 urtean Lekeitioko Udala 9.906.300 euroko aurrekontuarekin hasiko da, hau da, "2021ean baino 2.022.926 euro gehiago, izan ere, iaz 7.883.374 euro egon ziren hasierako aurrekontuan".

Aurrekontua EAJ-PNVren aldeko botoekin irten zen aurrera eta EH Bildu aldiz, abstenitu egin zen, "nahiz eta egindako ekarpen gehienak jasoak izan diren aurrekontuetan eta, udal gobernuarekin batera, beste proiektu batzuk egiteko konpromisoak hartu diren", aipatu dute. "Udal Gobernuak lanean jarraituko du oinarrizko eta kalitatezko zerbitzuak bermatu eta mantentzeko". Zentzu honetan, 2022 urteko aurrekontuen irizpideak hurrengo hauek izan dira. Alde batetik, "covid garaiaren aurreko aurrekontu maila berma- tzea, gizarte laguntzetan indarra jarriz eta diru kopurua gehituz". Gainera, hauteskunde kanpainan "hartutako konpromisoak bete- tzea eta urtez urte konpromiso horiek betetzeko beharrezkoak diren ekintza/programa/zerbi- tzuak aurrera eramateko" lanean jarraituko dute.

Aurrekontuan jarraitu beharreko beste ildo bat "auzo edo kale lanekin jarraitu, herria irisgarriagoa egin, arazoak sortzen dituzten guneei irtenbidea eman eta kaleen mantentze eta hobekuntza lanak burutzea" izango da.

Bestalde, aurrekontuen %15,02 inbertsioak egitera bideratuko da. Esan bezala, eskolako patioa estaltzeko lanak egingo dira (110.000 euro). Futbol zelaian berrikuntzak egiteko azken fasea ere martxan jarriko da, 470.000 euroko inbertsioarekin. Beste proiektu garrantzitsu bat Mendieta untziolan egingo da. Udalak 350.000 bideratuko ditu horretarako. Gainera, Turismo bulego berria egiteko partida aurreikusi dute, baita haurreskolako hobekuntza obrak bukatzeko beste bat ere. Andra etxe eta bake epaitegia egokituko da, San Jose elizako kanpaien egitura konpon- tzeko lanak ere egingo dira eta argiteriaren berritzea edota larrialdi klimatikoari aurre egiteko azterketak eta proiektu berri ezberdinak idatzi (besteak beste Zumatzeta - San Ignacio ingurua hobetzeko, etxebizitza sozialak egiteko plan berezia idatzi, La Merced parke berria, merkatu plaza eta limonero plaza), besteak beste.

Laguntzak

Udaletik aipatu dutenaren arabera, eskaintzen dituen zerbitzuak "mantentzen eta hobetzen jarraitzeko aurrekontuak dira". Horrela, datorren urteari begira, gizarte larrialdietarako laguntzak bikoiztuko dira, 2021ean 50.000 euro izan ziren eta 2022an 120.000 egongo dira.

Egiturazko gastuak

Aurrekontuetako partida batzuk egiturazko gastuekin lotuta daude. Horrela, %38,33 pertsonalaren kostua da, %33,48 herriaren funtzionamendurako gastuak eta %10,15, Udalak beste erakunde ba- tzuekin dituen konpromisoak bete- tzeko erabiltzen da.