Gaur ireki ditu ateak Morgako kontsultategi berriak, Orain arte udaletxeko beheko solairuan zen zerbitzua Eleiz-Ondo kaleko eraikinera lekualdatu dute, irisgarritasunean hobetuz. Guztira, 58 metro koadroko espazioa atontzeko "209.000 euro inguruko inbertsioa egin da. Inbertsioaren erdia Udalak eskatutako hainbat diru-laguntza bidez lagundu da, eta gainerakoaren zati bat Osakidetzak emango dio, beste osasun-zentro batzuk eraikitzean edo birmoldatzean egin ohi duen bezala; helburu horretarako laguntzen ebazpena argitaratzen denean". Osasun-zentro berriak, 258 morgatarrei zebitzu emango diena, egungo irisgarritasun-araudian aurreikusitako "baldintza guztiak betetzen ditu".

Gaurtik aurrera kontsultategia martxan da. Barrualde-Galdako Erakunde Sanitario Integratua delakotik jakinarazi dutenaren arabera, "aurrez aurreko arretarako ordutegi hau izango du: astearte eta ostegunetan, 8:00etatik 15:00etara, eta asteazkenean, 8:00etatik 11:00etara". Hemendik aurrera, Eleiz-Ondo kaleko 10. zenbakian jasoko dute arretan herritarrek. Iaz datuei erreparatuta, "5.719 kontsultari eman zitzaien arreta, horietatik 3.725 medikuenak eta 1.994 erizainenak", gaineratu dutenez. Eta Morgako erdigunean kokatutako kontsultategi berriaren zereginak berdin mantenduko dira etorkizunean ere, liburutegi zaharrean zeudenarekin alderatuta. Izan ere, "instalazio berriei esker, profesional sanitarioek kontsulta mediko bat, erizaintzako beste bat, itxarongela eta materialerako biltegia dauzkate".

"Aldi berean, pazienteek espazio egokiagoa, irisgarriagoa, zabalagoa eta erosoagoa izango dute. Ildo horretan, azpimarratu behar da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat eta Osakidetzaren-tzat oso garrantzitsua dela lehen mailako arretan inbertitzen jarraitzea eta azpiegitura sanitarioak hobetzen joatea, pazienteei eguneroko jardunean eskaintzen diegun arretaren kalitatea mantentzeko", gaineratu dute. Gainera, "beste aurrerapauso bat da bi helburu hauek erdiesteko: osasun-zerbitzuak euskal gizartetik gero eta hurbilago egotea eta herritarrei osasun-sistemara bidezko den eran sartzea hobetzea".

Era berean, gogoan izan behar da "lehen mailako arretak garra-tzi handia daukala osasun-sisteman, kontuan izan behar baita gizarte aurreratuek zahartzearen, kronikotasunaren eta menpekotasunaren erronkari aurre egin behar diotela. Horregatik, berrikuntza hau pertsonengandik gertuen dagoen osasun-mailako asistentzia indartzeko apustua da, baita pertsonen osasun integralaren aldekoa ere".