Tokiko kontsumoa bultzatzeko eta merkataritza sustatzeko, bonu kanpaina berri bati ekingo dio Bermeoko Udalak, azaroaren 22a eta abenduaren 18ra bitartean. Horretarako, eta tokiko administrazioak aurreratutakoaren arabera, 5.167 bonu jarriko dira herritarren eskura. “Parte hartu nahi duten establezimenduek gaurtik azaroaren 12ra bitartean eman ahalko dute izena”, gaineratu dute.

“Aurreko urteetan izan duen arrakasta ikusita eta tokiko kon-tsumoa bultzatzea gure helburuetako bat izanik, aurten ere bonuen kanpaina martxan jartzea erabaki dugu. Azaroaren 22tik abenduaren 18ra bitartean eskuratu ahal izango dira eta uste dugu bermeotarrek beti bezala oso ondo eran-tzungo dutela. Herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei izena emateko deia luzatzen diegu udaletik”, adierazi du Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotzi Kepa Zumetak. Eta egin diren esperientziak ikusita, funtzionamendu beretsua izan du bonu kanpainak.

Udaletik azaldu dutenez, bi bonu mota kaleratuko dira: “merkatari-tza establezimenduetara bideratutakoak eta ostalaritzan erabili ahal izango direnak. Hori bai, herritar bakoitzak, gehienez ere, bakoitzetik lau deskontu bonu erosteko aukera izango du”.Herriko merkataritza establezimenduetan erabiltzeko bonu bakarra jarriko da salgai: 15 eurokoa. Herritarrak, hau erositakoan, 20 euroko gastu ahalmena izango du eta ezin izango ditu inoiz ere bi bonu baino gehiago batera erabili erosketa bat egiten duenean.

Bestalde, ostalaritza establezimenduek ere parte hartuko dutela jakinarazi dute, eta hiru bonu mota jarriko dira eskuragarri: lau, 10 eta 20 eurokoak. “Hauek eskuratutakoan, kontsumitzaileak, 6, 15 eta 30 euroko gastua egiteko ahalmena izango du, hurrenez hurren. Bi bonu erabili ahal izango dira erosketa bakoitzean baina aukera hau egiten bada erabiltzaileak bi bonu mota berdin erabili beharko ditu derrigorrez. Hau da, ezingo ditu kantitate ezberdineko bonuak nahastu”.