2016an hasi zen ekimena martxan, Piperra eta Gatza izenburupeko proiektu parte-hartzailearen ostean. Honen bitartez definitu zen Ibarrako gunea -BI-635 foru errepidearen atzekaldean-, non gaur egun 130 hiri-ortu autogestionatu kokatzen diren. Eta aisialdian eta era ez-profesionalean ortugintzan aritzen diren herritarrentzako ingurune aproposa da. Bada, eta jakinda gunearen okupazioa ez dela espero bezain handia izan urteetan zehar, Gernika-Lumoko Udalak herritarrak gune horretara erakarri nahi ditu. Horretarako ordenantzaren hasierako onarpena eman dio toki-administrazioak . Epe motzean, eta orain dela urte pare bat beste saiakera bat egin ostean, eskuragarriago izango dute gernikarrek hiri-ortuetan aritzea.

"Gaur egun 63 bizilagun ari dira erabiltzen erreka-hegalaren inguruan dauden 130 partzeletako bat", jakinarazi du Gernika-Lumoko Udalak. Beraz, erdiak baino gehiago hutsik mantentzen dira, erabiltzaileen esperaon. Beti ere, Udalek bozeramaileek jakinarazi dutenez, lursail hauek "udalerriko irabazi-asmorik gabeko pertsona erakundeei zuzenduta daude. Gainera, autokontsumorako baino ez dira", ortugintzan aritzen diren profesionalak alde batera utzita, "eta produktuak trukatzea baino ez da onartzen". Ortu bakoitzaren esleipena lehia askeko administrazio-emakidaren bidez egin da, bestetik, eskatzaileen arteko zozketa baten bidez. "Pertsona horiek udalerrian erroldatuta egon behar zuten. Espazioek 60 eta 75 metro koadro arteko hedadura dute, eta nekazaritza ekologikorako dira", diotenez.

Udal-ordenantzaren aldaketa ekainaren 30ean onartu zen hasiera batean, "eta haren helburua da erabiltzaile berrien sarrera arintzea, zuzeneko esleipenaren bidez, dagoen itxaron-zerrendaren arabera, eta, ondoren, eskabide berrien ordenaren arabera, gaitutako lursail guztiak bete arte". Horrela, zerrendara apuntatzen diren erabiltzaileek zuzenean hartu ahal izango dituzte lursailak. Aldaketari buruzko informazio gehiago Aldaketaren edukia BAOn (Bizkaiko Aldizkari Ofizialean) edo udalaren webguneko albisteenatarian (www.gernika-lumo.eus) kontsulta daiteke".

2016tik martxan

Gernika-Lumoko Hiri-ortuen proiektuari orain dela zenbait legegintzaldiri eman zioten hasiera, Piperra eta Gatza proiektuaren bitartez. Eta orain dela ni urte saiakera bat egin zuen Udalak, gernikarrak ortuetarako sarbide errezagoa izan zezaten. Hala ere, orain ekindako ordenantzaren aldaketarekin oraindik errezagoa izatea espero dute. Aldatu ez direnak ekimenak hasieratik izan dituen helburuak izan dira: hiri espazioak erabilera publikorako berreskuratzea, udalerriko paisaiara aniztasuna ekarriz; pertsonei aisialdirako eta beren jarduerarako espazioa bat eskaintzea; herritarren parte-hartzea sustatzea; bioaniztasun espazioak sortzea; edota ingurumenari begirunea dioten laborantza-jokabideak sustatzea. Ibarran egokitutako guneak beste hainbat abantaila ditu, hala nola hondakinak kudeatzea, ura aurreztea, nekazaritza ekologikoa, tradiziozko nekazaritzako erabilera eta ohiturak berreskuratzea ; ortuen izaera hezitzailea eta ludikoa susta-tzea edota elikadura osasungarria eta elikadura-ohitura osasungarriago eta iraunkorragoak sustatzea.