Jaietako zapia etxean utzi eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan “arduraz” jokatzeko deialdia luzatu zuen atzo Bermeoko Udalak. Festak irailaren 7tik 16ra ospatu beharko lirateke, baina osasun-egoerak ez du ahalbidetzen eta ez da ekimenik egongo eta ez da baimenik eman egunotan ekitaldirik egiteko. Udal-administrazioak dispositibo berezia diseinatu du eta besteak beste, Udaltzaingoak eta Er-tzaintzak kontrola handituko dute, baita gauetan -11:00etatik 06:00etara arte- Pergola eta Arane kiroldegi inguruko aparkalekuetan aparkatzea galarazi ere.“Botilioia egiten diren guneak dira berauek”, azaldu du Aritz Abaroa alkateak. “Hala identikatu ditugu eta aurtengoan neurriak hartzeko erabakia hartu dugu”, azpimarratu du. Alazne Zumeta zinegotziarekin emandako prentsaurrekoan, Abaroak ere beste zenbait neurri zehaztu zituen, bereziki Arrantzale Egunean (irailak 9) eta asteburuetan (irailak 10, 11, 17 eta 18). “Udaltzaingoagaz eta Ertzaintzagaz elkarlanean” arituko direla jakinarazi du, “indarrean dauden osasun neurriak behar bezala betetzen direla egiaztatzeko. Kaleko presentzia handituko dute”, esandakoaren arabera, kale zurruta edota jende-pilaketa bezalakoak kontrolatzeko. “Prebenitzea” da gakoa, “gero ez arau-hausterik ez izateko”.

Ostalariei dagokienez, ezarritako arauak zorrotz bete behar direla gogoraraziko diete. Jai giroa sortzea ekiditeaz gain, tabernaz taberna arituko dira Udaltzaingoak informazioa eskeintzen. Agenteek “kontrol aleatorioak egingo direla” azaldu du Abaroak. Txoko eta gazteen lonjei dagokienez, elkarte gastronomikoek “indarrean diren neurriak” hartu behar dituztela gaineratu du, nahiz eta hobe den jaiegunetan hauek itxita mantentzea. Eta lonjak itxita egon behar direla jakinarazi du alkateak. Zabor-bilketa eta Bermibusa zerbitzuak “ohiko moduan eskainiko dira, ez horrela jai egunetan gauzatzen diren eran. Aipatu zerbitzuak beraz, normaltasunez arituko dira”.

“Elkarlana”

Osasun-egoera ez da batere aproposa Bermeon gaur egun, 600dik gorako intzidentzia-tasa duelarik eta gune gorrian delarik. Hori dela eta, “guztion erantzukizuna da tamalez ospatuko ez diren jai hauetan jende pilaketak saihestu eta osasun neurriak errespetatzea” eskatu dute Udaletik. “Garrantzitsua da jai girorik ez sortzea eta horretarako eragile guztiei arduraz jokatzeko” deia luzatu diete. “Elkarlanean jardun behar dugu, bide honetan guztiok elkarrekin goazelako”.