21.011.790 euro. Hauxe izango da aurtengoan Gernika-Lumok izango duen aurrekontua. Hala erabaki zuten Osoko Bilkuran, Eusko Abertzaleak eta EAJk osatutako aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrako iritziarekin. Kulturari eta kirol-jarduerei aupada eman nahi die Jose Maria Gorroño buru duen Gobernu taldeak, izan ere partida nabarmenak izango dituzte esparru biek, 3 milioi euro eta 1,8 milioi eurorekin hurrenez hurren. Inbertsioei dagokionez, 1,6 milioi euroko partida onartu dute. Besteak beste, Astra guneko aparkalekurako sarbidea berritzea (50.000 euro), sinaletika berria jartzea (121.000 euro), aire libreko arte-galeria sor-tzea (56.000 euro), Santa Luziarako bidegorria (32.000 euro) edota Andra baserritarren omenezko eskultura ezartzea (112.000 euro) dira berritasun nagusienak.

Osoko Bilkuran Gorroño alkateak adieazi zuenez, "egoeara egokitutako Udal aurrekontuak prestatu ditugu". Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Udalkutxatik jasotako diruak beste behin egin du beheraka -zergen errekaudazioak ere behera egin du- , "eta izan badaude orain egin behar ditugun lanak, bai erdialdean eta baita auzuneetan ere. Auzuneek merezi dituzten zerbitzuak ematen ari gara, pixkanaka eta ahal dugun heinean, erdiguneko biztanleek dituztenen pare". EH Bilduk beste ikuspuntu bat azalarazi zuen. Izan ere, koronabirusak eragindako egoera hobetze aldera, zenbait partida bertan behera uztea eskatu zuten diru hori beste zeregin batzuetara bideratzeko.

Urtero legez, Pertsonal saila da Udalaren aurrekontuan zatirik nabarmenena, 5,4 milioi eurorekin. Honen ostean dira, besteak beste, ingurumen kontuak edota gizarte laguntza: 3,5 milioi izango ditu lehen esparruak, batez ere zaborraren bilketan gastatzen dena. Bestetik, bigarrenak 1,2 milioi euro izango ditu, batez ere Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak delarik zatirik garrantzitsuena, %59 bertara doalako.

Kulturari dagokionez, Kultur Etxeak 2,4 milioi euro izango ditu, nahiz eta badiren beste kontu batzuk, hala nola Pasilekuko inguruan Liburutegia eraikitzeko aurreproiektu eta proiektua -138.545 euro-, Astrako bunkerra estaltzeko lanak -318.000 euro- edota Urdaibaiko artistek erabili ahal izango duten aire libreko galeria eraikitzeko -56.100 euro- "Guztira, biztanleko 177,94 euro izango dira kultur arloarentzako" zehaztu zuen Gorroñok. Kirolak ere berebiziko partida izango du, 110 euro biztanle bakoitzeko aurtengoan. Gernika-Lumok bost kirolgune ditu -Santanape, Urbieta, Maloste, Jai-Alai eta Zeharreta- eta hauek mantentze aldera hainbat lan egin beharko dira. Kirol Patronatoa da gune hauek ongi kudeatzeko betebeharra duen erakundea, eta aurtengoan -udalerriko klubei ematen zaien laguntzarekin batera- 1.874.954,72 euro izango ditu.