Tala aldean agertuko da, betiko moduan. Baina aurtengoan ez dute Mundakako San Juan sorgina erreko, hamarkada luzeetako ohitura batekin apurtuz. 19:00etan egingo du gaur agerraldian, kalez-kale ibili barik eta herriko txistulari taldearen laguntzarik gabe. Eta 23:00ak arte izango da bertan. "Tradizioak aldatzeko garaia dela" iritzita, ekitaldiaren bitartez "sorginei balioa" eman nahi dio Mundakako Udalak, jaien programak dioenaren arabera. Busturialdean eta Lea-Artibain ospatuko direnen San Juan suen artean berritasun bakarra izango da, iazkoan bertan behera utzo ondoren. Hainbat udalerrik suak amatatzea erabaki baitute, koronabirusak eragindako egoerak ez duelako jende pilaketak izatea gomendatzen. Ohikoak diren ospakizunak ez dira egingo Lekeition, Ondarroan, Bermeon edo Gernika-Lumon, adibidez.

"Jai eta gizarte berdinzaleago" baten alde egiteko apostua egingo dute mundakarrek aurtengoan. "Horrela sistemari aurre egin zioten emakume ausartak irudika-tzen zituzten sorginei" omenaldia egin nahi die Mundakako Udalak. Ostean, sorgina -bere alboan Mosolo eta Katubeltz dituelarik- ikusgai izango da Tribisarrospe kultur etxean, ekainaren 27ra arte, 12:30etatik eta 14:00ak arte, eta arratsaldez 18:30ak eta 20:00ak bitartean. Herriko festak abiarazteko lehenengo hitzordua, aurtengoan ekimen gutxiago izango dira. Orain dela zenbait aste iragarri zuen Mikel Bilbao alkateak "jai-ekitaldien alternatiba moduan", koronabirusaren egoerari lotutako "segurtasun-neurriekaz bateragarriak" diren eta "herriko kultura-elkarteek proposatutako jarduerak antolatzeko" erabakiaa. Bada, Katillotxu emakume taldeak zenbait proposamen aurrera aterako ditu. Bada, programak zenbait ekitaldi izango ditu, nahiz eta nagusienak ez diren izango, jende pilaketak ekiditeko. Barrakak ere ez dira herrian izango.

Ez kontzertuak, ez koadrilen bajada eta bazkaia, ez itsas-jaia, ezta sukalki txapelketa ere ez dtuzte mundakarrek egingo. Jaietako ekitaldirik jendetsuenak, beraz, ez dira antolatuko. Bai, ordea, bai egingo direla alborada tradizionala -ekainaren 27ko goizaldeko 3:00 egiten den kalejira zaratatsua- edota San Pedro eguneko meza, ekainaren 29an eguerdi partean, non Kankinkabara txistulari taldea izango den. Egun horretan bertan mariatxiak arituko dira Goiko Talan iluntze partean. Eta gaueko 22:00etan "ezustekoa" izango dela iragarri dute.

Uztailaren 2ko eta 3ko asteburuan -normalean sukali lehiketa egiten den asteburuan- zenbait egitasmo antolatu dira, hala nola ostiralean Talako frontian eta lehendakari Aagirre plazan egingo diren umeentzako ekintzak, gospel kontzertua Andra Mari elizan edota iluntzeko batukada herriko txoko ezberdinetan. Larunbatean umeen eguna izango da: ur jaia izango da plazan goizean zehar, Mago Oliver & Linbaren ikuskizuna Lamiak eta Atorrak parkean eta ostean berriz izango da Mundakan Danbayan batukada arituko da. Ezohiko San Pedro jaiak uztailaren 4ean amaituko dira.

Aldaketak Bermeon

Bermeon ere, San Juan bezpera eta San Juan egunean aldaketa nabariak izango dira jai programan, bigarren urtez jarraian. Zehazki, ohituak zehasten duenaren arabera, Gaztelugatxeko San Juanerako joan-etorririk ez da izango biharkoan. Gunea itxita izanik, ingurunean urtarrilean izandako luiziak eragindako egoeragatik, eta koronabirusaren trasmisioa sahieste aldera, mezak San Frantzisko parrokian egingo direla zehaztu dute Doniene Santutegiko Zaintzaile Komisioko arduradunek. Ospakizun erlijiosoak 6:30, 7:30, 9:00, 11:00 eta 13:00etan izango dira. Aurretik, gaur iluntzean bertan, udaletxearen balkoian ezarriko dituzte 14 atsoak, baina ez da San Juan bezperako surik egingo Sabino Arana enparantzan.