Orain dela hiru urte zendu zen, ez bakarrik Busturialdean baizik eta Bizkaia osoko bertsolaritzaren eragile nagusienetakoa izanik. Jon Lopategik egindako bideak, hala ere, jarraipena izan du. Eta izango du. Izan ere Gernika-Lumoko Lilibertso bertso taldeak bere omenezko Argi Batza Bertsolari Gazteen Sariketa jarri du abian. Bertsolari gazteei plaza eskaintzeko aukera ematea dute helburu nagusi, bai eskualdeko eta baita herrialdeko beste toki batzuetatik etorriak. Hiru saio egingo dira, Muxikan, Gautegiz Arteagan eta Ajangizen, eta final handia Bermeon.Argi Baltza izena du izen egitasmoak, Jon Lopategiren ezizenarekin -Baltza- hitz jokoa eginda, eta argia erantsita, "Jon argia ere bezelako", trasmisio lana ederki jorratu zuena. "Bizkaia mailan aritzen ziren bertsolari ia gehienak bere eskuetatik pasatu ziren", gaineratu dutenez. "Bide horretan ere, gure lana egin nahi izan dugu, Jonek hasitakoak segida izan dezan". Eta plaza ere izan nahi du sariketak, koronabirusak eragindako egoerari buelta emanez, "eta ekainean zehar plazak betetzen saiatuz". Izan ere azkenaldian "zailtsun handiak" izan dira bertsolaritzarako. "Pandemiak gogor astindu du kulturgintza, eta ekitaldiak antolatzeko aukera gutxiago daude orain. Lehen, hilabetero lau saio zituzten bertsolariek gaur egun bi dituzte. Gazteen kasuan, lehen saio gutxi izaten bagenituen, orain gutxiago", diotenez.

Hala ere, eta egoerak hobera egin duenez, hiru saio antolatuko dituzte, baita final handi bat ere, ekainean zehar. Lehena Muxikan izango da, ekainaren 6an; bigarrena Gautegiz Arteagan, ekainaren 13an; eta hirugarrena, berriz, Ajangizen ekainaren 20an. Saio guztiak igandeetan izango dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. "Sei bertsolari izango dira finalera pasatuko direnak", Bermeon izango dena ekainaren 27an. Lopategik "Bermeorekin zuen harreman estuagatik" izango da finala bertan. Eta saio guztietan frontoietan egingo direla azaldu dute, "osasun neurrial eta aireztapena" mantentzea errazten dutelako.

Bertsolari gazteak harutko dute parte Argi Baltzan, 18 eta 30 urte bitartekoak. Hauek izan ohi dira zailtasun handiena dutenal plazetan aritzeko. "Bizkaian edota Euskal Herri mailan, gabezia handi bat dago gazteen plazaratzeari dagokionean. Egia da Bizkaiko zein Euskal Herriko bertsozale elkarteetatik ahalegin handia egiten dela bertsolari gazteak plazaratzeko orduan, baina asko dira bertsolari gazteak eta ez dago denentzako plazarik", azaldu durenez. Badira aukerak plazan izateko -BBK sariketa, adibidez- baina behin adinez nagusi izanik, ez dira hainbeste".

Nahiz eta ekimena Busturialdean jaio den, eta Lilibertsoren lanarekin, Bizkaia osoko bertsolarientzako zabalik dela aurreratu dute, eskualde guztietako bertsolarien parte hartzea lortuz. "Saiatu gara lurraldekotasunaren aldetik proportzionaltasuna mantentzen", elkartetik diotenez.