Tradizio erlijiosoa da, nahiz eta bere sorrerako zentzu hori galtzen joan da urteen poderioz. Eta hasiera baten, gizonen kontua zen, emakumeak bazterturik zirelarik. Baina, pixkanaka-pixkanaka baden ere, Gernika-Lumoko Marijesiek pausoak eman dituzte berdintasunaren alde. 60. hamarkadan agerpena, 70. hamarkadan zenbait -gutxi hala ere- emakumeren parte-hartzea, 80. hamarkadan izandako aupaldia eta 90. hamarkadan izandako goratzea, Gabon aurretiko bederatziurrenen kantari taldeak emandako azken pauso garrantzitsuena 2018ko abenduaren 23koa izan zen. Egun horretan, lehendabizikoz, emakume bat izan zen bakarlari: Ane Miren Arejita Abaitua. Bada, Emakundek berdintasunaren alde egindako lana goraipatu du. Txosten argitaratu du berriki Emakumearen Euskal Erakundeak, Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak izenburupean.

Margaret Bullen, Lidia Montesinos eta Begoña Pecharroman izan dira bere egileak, eta Gernika-Lumoko Marijesiez gain, Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Donostia, Tolosa eta Antzuolako jaietan berdintasuna bermatzeko “egin diren aldaketak aztertzen ditu azterlanak, eta erakusten du jaietako balio, tradizio eta ohituren transmisioak ez duela aitzakia izan behar praktika diskriminatzaileei eusteko”. Hala, aurkezpen jardunaldian Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi zuenez, “berdintasuna bermatzeko jaiak eguneratzea ezinbestekoa da justizia sozialari dagokionez eta horrela eskatzen dute emakumeek, mugimendu feministak eta gizarte osoak. Hala ere, elkarte gernikarraren kasuan, aldaketa-prozesu inspiratzailea izan da, berdintasunaren adierazgarri.

Emakumezko marijesien testigantzari esker egindako analisia da, baita garai ezberdinetako komunikabideei errepasoa egin diona. Eta nahiz eta hasieran gizonezkoen kontua baino ez zen, gaur egun elkarte mistoa eratzea lortu dutela gaineratzen dute. Bost dira Emakundek egindako txostenean “aldakeratako gakotzat” jo dituztenak. Lehena, “herritarren kontzientzia feminista. Gatazka eta eztabaida handirik gabe gauzatu da aldaketa, emakumeen inguruan pentsamolde berritua hedatu delako eta jendeak babesa agertu duelako. Horrela, abesbatza mistoa erabat normaltzat dute egun”. Bestetik, “emakumeen beraien desira eta iraunkortasuna” oso garrantzitsua izan dela diote. “Tradizio honekiko interesaren ondorioz, ospakizunetan parte hartzen hasi ziren Gernikako emakumeak, nahiz eta hartarako gonbidapenik jaso ez”. Bederatziurrenaren sekularizazioa ere ezinbesteko gakoa da. “Bederatziurrena elizari lotutako erritual izatetik elizatik kanpoko lagun talde batek antolatutako tradizio izatera pasa zen; hori dela eta, gero eta pertsona gehiago animatu dira parte hartzera eta, zabaltze harekin batera, emakumeek parte hartzeko bidea erraztu zen. Gaur egun elkartzen diren askok ez dute sentimendu erlijiosoak bultzatuta parte hartzen, tradizioarekiko errespetuak eta maitasunak bultzatuta baizik”.

Laugarren arrazoiari dagokionez, “tradizioa mantentzea eta transmititzea” da berau. “Elkarteak berak eta bederatziurrenaren jarraitzaileek boluntario gisa lan egin dute, tradizioa ikertzeko eta berau zabaldu zein egungo errealitatera egokitzeko bideak bilatzeko, betiere, tradizioari eustea azken helburua delarik”. Azkenik, bada beste gako bat: “emakume bakarlaria trebatzeko konpromisoa”, txostenak dioenaren arabera. “Gizon bakarlariek eta taldeak berak konpromisoa agertu dute kantua emakume batekin lan-tzeko, hark bakarlari gisa parte hartu ahal izan dezan. Talde osoaren babesa ezinbestekoa izan da prozesuan”.