Sektore oso heterogeneoa da, baina badute beharrizan amakomuna. Turismoari ebatzen diote, kostaldeko guneetara datozen milaka eta milaka bisitariri zerbitzu emanez -Aste Santu honetan hala izaten ari da-, baina badituzte hainbat kontu argitzeke koronabirusaren pandemia dela eta. Eta posible dutena egiten dute euren biziraupenaren alde, nahiz eta kasu batzuetan ez den posible aurrera ateratzea izan. Busturialdea eta Lea-Artibaiko turismo aktiboaren enpresek egun handiak bizi dituzte Aste Santuan, baina covid-19ak jarritako eragozpenek asko baldintzatu dute euren eguneroko jarduna.

Hainbat dira kostaldean diren turismo aktiboaren alde egiten duten enpresak. Itsasoa edo mendia euren produktu dutenak, aire librean. Eta urte oso gogorra bizi izan dutenak. “Ez da batere erraza izan. Beste urte batzuetan baino hilabete gutxiago lan egin dugu. Hasieran %30 eko kopuru maximoa izan dugu eta gero %50, beraz, % 100 ean bakarrik 2 hilabete egon gara”, dio Mundaka Barra Surfeko Gaizka San Justok. Izan ere, turismo aktiboa jomuga duten enpresak larri ibili dira 2020. urtean, eta larri ikusten dute aurtengo jarduna ere. Denak izan dute egoera berrira moldatu beharra, eta unean-uneko osasun-neurrietara egokitu beharra. “Egoerari aurre egiteko protokolo zehatz bat egin dugu, gure surf eskolari adaptatutakoa. Gure kasuan, arazo gehien ematen diguna bestuarioetan aldatzea izan da, gero gure ekintza uretan egiten delez,eta indibiduala denez ez dauka arrisku askorik. Beraz, aldagelak ahalik eta gutxien erabiltzeko aukerak ematen ditugu, eta erabili behar badute ere zenbakiekin banatuta dauka bakoitza bere lekua eta protokoloa martxan jar-tzen dugu”, dio mundakarrak.

Urtea ere oso gogorra izan da Mendexan kokatutako Abentura Parkearentzako. “Kontutan izan behar dugu beeroen zati handi bat ez dugula izan: ikastetxeetako haurrak”. Eta “egokitu beharra” izan dute. Aste Santua baina pixkat arinago ireki zituen ateak, eta azkenaldian jende nahikoa izan dute, batez ere senide eta lagunek osatutako taldeetan. Horren adibide da beteta izango dutela bihar eta etzi. Eta nola ez “osasun egoerara egokitutako neurriak hartu dituzte, bai pandemiak gogorrago jotzen zuen garaietan eta baita azkenaldiko opor egunetan ere. “Neurriak hartzen ditugu, bai, eta baita areagotu ere. Bezeroek janzten duten material guztia desinfektatzen dugu, distantziak zaindu... Gure esku dagoen guztia egiten dugu”, diotenez. Izan ere, Mendexako parkea kudeatzen duen enpresa Aktiba erakundean -Euskadiko Turismo Aktibo, Abentura eta Natur jardueren Enpresen Elkartea- parte da.

Beharrak Turismo mota honetan diharduten Busturialdeko eta Lea-Artibaiko enpresek ere zenbait eskari egiten diete administrazioei. Zeren sektorearen egoera egonkortu behar dela uste dute, eta segurtasuna emateko kapazitatea badu Eusko Jaurlaritzak. Herrialdeen arteko mugikortasunak hainbat bezero erakarri ditu euren negozioetara, baina ezarritako jende kopurua handitu beharko litzatekeela uste dute. “Bai ikusten dugu badela sensibilizazio bat, gure aldarrikapenak kontutan hartzen dituztela”, diote. “Kopurua zabaltzeko eskatu dugu. Momentu honetan sei erabiltzaileko taldeetan ari gara, baina badugu kapazitatea gehiago hartzeko ere. Kontutan izan behar da aire librean egiten dugula lan, ez espazio itxietan. Adibidez, Nafarroan 20 pertsona arteko taldeak egin ahal dira”, diote. Mundaka Barra Surfetik ere eskaria berdintsua egiten dute, “guri talde txikietan lan egitea gustatzen zaigu eta uste dut hori ez dela soluzioa. Laguntzeko modua, gure zerbitzuak duen garrantzia ikusita, ba fomentatzea izango zan. Uste dut ere eskola bakoitza desberdina dela eta bakoitza bere beharrak dituela, azaltzen dutenaren arabera”.