Markina-Xemeinek ibilgailu elektrikoentzako errekarga-puntua dauka dagoeneko, Lea-Artibai eskualdean lehenengoa. Izan ere, Udalak egindako energia berriztagarrien aldeko ekimena, Euskao Jaurlaritzako Euskadiko Energia Erakundearen eskutik, Zelaibarriko aparkalekuan kokatzen da, “bertako bi plaza erreserbatuz honetarako. Hain justu, berdez margotu dira errekargarako diren plazak”, Udaleko arduradunen esanetan. Momentuz, zerbitzua doakoa dela azaldu dute.

Lea-Artibai eskualdeko lehen errekarga puntua da Markina-Xemeingoa, eta beren funtzionamenduari buruzko argibideak eman dituzte. Izan ere, “ibilgailua bertan kargatu ahal izateko, Iberdrola Birkarga Publikoa izeneko aplikazioa deskargatu behar dute erabiltzaileek” aldez aurretik. “Aplikazio horretan Zelaibarri kalea 1 puntua aukeratu, eta bertan zehazten diren pausoak jarraitu beharko dira. Behin erreserba eginda zerbitzua erabiltzen ez bada, penalizazio bat ordaindu beharko da”. Horrela, eta kontziente izanik sistema berriaren erabilerarako lehen egunetan arazoak sor litezkeela, Markina-Xemiengo Udaleko arduradunek “erabilerari loturiko arazorik izanez gero, 900929293 telefonora” deitzek gomendatu dute.

Errekarga-gunearen baliabide teknikoei dagokienez, puntuak “10 kilowatt orduko potentziadun bi hartune unibertsal” dituela zehaztu dute puntuak. “Kotxe bakarra kargatzen ipiniz gero, lau ordutan ibilgailua guztiz kargatzeko aukera ematen du. Dena den, potentzia handitzeko aukera eskaintzen du, etorkizunean eskaria areagotuko balitz”. Bestetik, Udaletik gogorarazi nahi da “ibilgailuen errekargarako puntua dela hau, eta ez ibilgailuak aparkatzeko tokia”. Egindako inbertsioari dagokionez, ez du kostu handirik suposatu toki-ademibistrazioarentzako. Guztira 8.558 euroko inbertsioa suposatu dio Udalari errekarga-puntua jartzeak, “baina 3.324,00 euroko diru-laguntza jaso da Energiaren Euskal Erakundearen eskutik”.