Arratoien populazioa kontrolatzeko sistema berri eta berri-tzaile bat instalatu du herriko estolderia sisteman Bermeoko Udalak. Izan ere, sistema inteligente bat ezarri du herriko puntu ezberdinetan. “Honi esker, arratoien populazioaren kontrola modu eraginkorragoan egingo da eta, batez ere, garbiagoan, ez baitu inolako pozoirik erabiliko. Hala ere, sistema berri hau orain arteko kontrolekin uztartuko da”.

Bi gailu instalatu dira herriko estolderian. “Honela, arratoia bertan sar-tzen denean, sistemak sentsore ezberdinei esker detektatuko du eta, hori egindakoan, arratoiak hilko ditu, metalezko pieza batzuekin animalia zapalduz”, diotenez. Hildakoan, “estoldako urek animalia eramango dute”. Honela, indarrean dagoen araudia betetzeaz gain -ezin da pzoirik erabili-, sistema hobetuko da. Udaleko iturrien arabera, “egindako aldaketa honi esker, arratoien populazioa modu eraginkorrean, selektiboan eta jasangarrian egin ahal izango da.

Izan ere, informazio hobea izango dute. “Animalia hildakoan, sistemak abisua emango du, ordua eta tokia zehaztuz. Ordenagailu bidez informazio hau guztia etengabe monitorizatu ahal izango da, arratoi gehien dauden lekuak askoz ere hobeki identifikatuz. Instalatutako tokiak arratoi gutxi hilko balitu, bertan plagarik ez dagoela ziurtatuko da eta inolako arazorik gabe tokiz aldatu ahal izango da”. Aritz Abaroa alkateak nabarmendu duenez, “instalatu den sistema garbia da eta askoz ere efektiboagoa da”.