Azaroan kendu zuen Udalak Ondarroako bide publikoan utzitako lehen autoa. Eta gaur arte, “dagoeneko 15 dira erretiratu diren ibilgailuak eta Udaltzaingoak beste batzuk ere badauzka begiz jota”. Doako zerbitzua eskaintzen hasi zirenetik bi hilabete eta erdi igaro direnean, “balorazio oso positiboa” egin dute udal agintariek.

Ondarroako Udaltzaingoak zehaztu du gaur arte 15 direla kendu diren ibilgailuak: “Sei turismo, hiru furgoneta, hiru ziklomotor, kuadriziklo arin bat eta bi quads”. “Zerrendan, beste 10 bat ibilgailu ere badauzkagu, apurka-apurka kentzen joango garenak ondoren txatartegira eramateko”, azaldutakoaren arabera. Helburua argia da,a batipat udalerrian den aparkaleku eskasiaz jakinda. Hala azaldu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. “Badakigu herrian aparkatzea arazoa dela gaur egun. Horregatik, arazo horri irtenbidea emateko neurrietako bat da zerbitzu hau. Hurrengo urratsa anexuko aparkalekua egokitu eta bertan 150 bat ibilgailurentzako aparkalekua sortzea izango da. 2021ean Itsasaurreko aparkalekuaren bideragarritasun azterketa egiteko kontratua esleitzea ere aurreikusten dugu”.

Hala ere, eta esandako aparkalekuak egin arte, abandonatutako autoak kentzeko zerbitzua aproposa dela zehaztu dute. Eta ondarroarrek ere badute aukera euren ibilgailuak zerrenda honetara batzeko: “ibilgailuak kalean abandonatu beharrean Udaltzaingora joan, ibilgailuaren paperak, giltz guztiak eta jabearen nortasun agiriarekin eta eskaria baino ez da egin behar”.

Diotenez, “behin hori eginda Udaltzaingoa arduratuko da gainontzeko kudeaketa guztiaz eta ibilgailua txatartegira eramateaz. Doako zerbitzua da”, dio alkateak. Izan ere, ibilgailuak bide publikoetan abandonatzea “ez dago baimenduta, eta horregatik, abandonaturik dauden ibilgailuen zerrenda bat egin du Udaltzaingoak”.