Koronabirusak elkarte askoren lana zaildu baduen ere, badira iazkoan euren egitasmoa indartu duen talderik ere. Hauxe da Lekitto Bedarraren kasua. Usotegiko ortua gune nagusi izanda, 2020an 300dik gora kilo barazki banatu zituzten, herriko dominikar monjei eta Gurutze Gorriari batipat. Uztak uzta, hala ere aurtengoari begira jarri dira jada. “Ortua aprobetxaten jarraituko dugu”, diotenez, kasu honetan sortu berri den Elikagaien Bankuari eskainiz. Eta ikastaro gehiago egitea dute jomuga, hilero bana izan litezkeenak, beti ere “osasun egoerari moldatutako neurriak hartuta”.

Jasotako 300 kilo barazki 19 aldiz eman zizkieten mongei, eta beste 9 Gurutze Gorriari. Erakunde bi hauek izan ziren Lekeition beharrizana duten familiei eman zizkietenak. Azken hauen datuen arabera, ”92 familiari” eman diete laguntza. “Gu pozik, batez ere ikusten dugulako egiten dugunak baduela probetxua. Ekoizten diren barazkiak beharra duten jendeari heltzen zaizkiola. Eta jendeak ere eskertzen du herrian jasotako ortuko barazkiak, tokikoak, sasoikoak eta freskoak, jateko aukera duela”.

2012 urtean sortu zen Lekitto Bedarra aurtengora begira jarri da. Hasieratik gainera. Izan ere Elikagaien Bankuarekin lankidetzan aritzeko nahia azaldu dute. “Orain gutxi sortu da”, Uribarren Abaroa Fundazioak eta Lekeitioko Udalak elkarlanean sortutako talde berri batekin. Negua ez da sasoirik oparoena izaten barazkiak ekoizteko, “baina espero dugu otsailaren amaieran edo martxoan lehen uztak batzea. Eta eurei eskainiko dizkiegu”. Hala ere, Lekitto Bedarra ez da lan horretarako bakarrik mugatuko, formakun-tza aldetik ere ikastaro gehiago antolatu nahi dituzte eta. Lehenengoa, otsailaren 20an, mahatsaren inausketari buruzkoa, Anton Onaindia Txakoli Pipaseko arduraduak eskainiko duena. “Talde txikietan elkartuko gara, legediak markatzen duenaren arabera, eta ikastaro arinak izango dira, ordu edo ordu eta erdian egitekoak.

Usotegiri dagokionez, bertako txabola atontzea ere bada datozen hilabeetan egin nahi duten lana. Materialeaz gain, azpiegiturak hobetzea dituzte erronka nagusiak. “Bagabiltza finantziazio bila”, diotenez. Etorkizun luzera begira ere badituzte egitasmoak. Auzolanean aritzen den elkarteak ortu komunitarioa sortzeko pausoak eman nahi ditu, Udalarekin batera. “Saihesbidean dauden lurrak erabili daitezke horretarako, gaur egun sasiz beteta daudenak. Ea posible den ekimena aurtengoan errealitate bihurtzea”. Eta, nola ez, “edozein herritarrei” egiten diete deia, “guregana etortzeko eta ortuan aritzeko.

Azkenik, herritarrei Usotegiko gunea errespetatzeko deialdia egin diete. “Txakurren jabeei eta gazteei”, zehazki; izan ere azkenaldian arazoak izan dituzte hesiaren gainetik pasatako txakurrekin, edota nerabeek sortutako kalteekin. “Ortua herriarena da, denona”. Eta hala izango da urte berrian ere. 2021an ere Lekitto Bedarra burubelarri arituko delako, Lekeition beharrizana duten familiei laguntzeko.