Ez da iazkoan sortu den kontua, orain dela zenbait urtetaik datorrena baizik. Hala ere, pedagogian eragin nahian, Lekeitioko Udalak urtero jartzen dio zenbakia. “Iazko urtean Lekeition egin ziren pintadak ezabatzeak 23.000 euroko kostua izan zuen”, diotenez. Hala ere, kostua 2019 urtekoa baino txikiagoa da: urte horretan, Udalak 35.000 eurotik gora xahutu zituen kalean agertutako pintadak ezabatu ahal izateko.

Beste partida batzuetan erabilgarri izan litekeen kostua da berau, Udalari zuzenki eragiten diona. “Iazko urtean ere pintada ugari agertu ziren Lekeitioko hainbat gunetan eta hauek garbitzeko lan bereziak egin behar izan ziren”. Batez ere, “kontuan izan behar da garbiketalanen kostua herritar guztien diruarekin ordaintzen dela”, eta Udalaren kontura doana dela. “Pintada hauek udal langileek eta garbitasun enpresa batek ezabatu zituzten”, gogorarazi dutenez, eta honek bere isla du aurrekontuetan.

Izan ere, “guztira, Lekeitioko udal langileen lan orduak kontuan izan gabe, 23.395 euroko kostua izan zuten garbiketa lanek”. Hala, Udalak “nabarmentzat” jo zuen pintadak ezabatzeak udalerriarentzako duen karga ekonomikoa, beste partida batzuekin alderatuta, bai jaiei buruzkoak edo baita gizarte lagun-tzei dagozkienak.

Azalarazitakoaren arabera, “pintadak kentzeko kostua herriaren-tzako nabarmena izan da, ikusita adibidez ekainaren amaieran ospatzen diren San Pedro jaien kostua 24.000 euroko izaten dela edota pandemiaren aurrean herritarrei oinarrizko beharrizanetan lagun-tzeko 30.000 euro zuzendu zirela” iazkoan. 2019an, berriz, 35.198 euro xahutu zituen Lekeitioko Udalak. Nahiz eta kostuak beherantz egin azken urtean, Udalak hauek ez egitea gomendatu du. “Gogoratu beharra dago 2018an Lekeitioko Udalak 64.895,29 euro gastatu zituela herrian agertutako pintadak ezabatzeko eta 2017an 19.585,93 euro”, orduantxe azalarazitakoaren arabera.