Asko izan dira koronabirusaren pandemiak gogor kolpatu dituen sektoreak. Euren artean, ezbairik gabe, ostalaritza. Hori dela eta, eta hirugarrenez egin izan behar duten itxialdiaren ondorioz, Lekeitio eta Markina-Xemeingo Udalak diru-laguntzak ematea adostu dute, herriko taberna eta jatetxeen biziraupenean laguntzeko. Herri biak dira gune gorrian, eta taberna eta jatetxeek euren ateak itxi behar izan dituzte berriro. Bizi duten “egoera larriaren aurrean”, gehienez hileko 550 euroko diru-lagun-tza emango zaie hile osoa itxita duten establezimenduei.

“Itxiera hilabete baino gutxiagokoa denean, laguntzaren zenbatekoa itxiera egunen arabera kalkulatuko da”, adierazi dute Markina-Xemeingo Udaleko arduradunek. Zehaztutakoaren arabera, gainera, hirugarren deialdi honetan ere “gutxienez 12.650 euro emango direla” aurreikusten da. “Aurrera begira, ostalaritzaren sektoreari laguntzen jarraitzea eta deialdi berriak aktibatzea da Udalaren asmoa”, diotenez. “Honakoa ez da Udalak ostalaritzari begira ematen duen lehen laguntza partida”, gogorarazi dute. Beste bi deialdi izan dira. Lehenengoan, itxialdi aroan, 20 ostalariren artean 11.000 euro banatu ziren.

“Horrez gain, Udalak beste 12.650 euro eman zituen azaroaren 6ko dekretuaren eraginez euren jarduera eten behar izan duten herriko 23 ostalarientzat”. Azkenik, Markina-Xemeinen tasen eta zergen hobariak ere adostu dituzte eta azkenik, “beste 27.441,92 euro ere bideratu ditu Udalak, ostalaritza-establezimenduen terrazetako inbertsioak finantzatzera”.

Lekeition ere

Lekeitio da Lea-Artibai eskualdean diru-laguntzak ematea onartu duen beste udalerrietako bat. Kasu honetan, eta gune gorrian izanda, 550 euro eskainiko dizkieta zarratu behar izan dute ostalaritza negozioei. Laguntzen helburua argia da: “Lekeitioko ostalaritzaren irekiera erraztu nahi da eta bertan lan egiten dutenek modu duin batean lanean jarraitu ahal izatea”. Kostaldeko herrian ere orain arte emandako laguntzak izan dituzte hizpide udal-arduradunek. Izan ere, “azken deialdian -Leartibai Garapen Agentziak bideratu zuen deialdian, zehazki- “54 establezimendu izan ziren onuradunak”.

Azkenik, tasetan ere hobariak eskaini dira -terrazei, zaborrei, estolderiari eta toldoak jartzeagatik ordaindu beharreko zergetan, adibidez- Lekeition, eta “terraza jartzea eta hauen tamaina handi-tzea ahalbidetuko da alarma egoerak iraun bitartean, hau da, maiatzaren 9ra arte”, ordenantza egindako aldaketen ezberdinen bitartez. Udaletik gaineratu dutezkenik, “era berean, udal jabetzarenak diren tabernek ez dute alokairurik ordaindu beharko itxita dauden bitartean”. Tabernariei lagun-tzea izan da hauen jomuga.