BERMEO. Orain dela hamazortzi urtetik hona urtero egin ohi izan duen moduan, koronabirusaren pandemiak eragindako eragozpenak alde batera utzita, Bermeoko Udalak Bermeoko Jaioberrien Liburua banatuko du aurten ere bai. Hala ere, ez da ohikoa den liburua banatzeko ekitaldirik egingo.

Hau dela eta, 2019an jaiotako 106 bermeotar txikiei euren bertsoak batzen dituen liburua banatzen hasi da eta datozen egunotan jasoko dute. Liburuan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia.

Eskualdeko hainbat bertsolari batzen dituen Lilibertso Bertsolarien Elkartearen ardura da bertso pertsonalizatu horiek egitea, udalarekin sinatuta duten hitzarmenaren bitartez. Urteko bertso guztiekin, liburua osotzen da eta, normalean, Euskararen Egunaren inguruan aurkezten da Kafe Antzokian antolatzen den jaian. Aurten, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriek ez dute aukerarik eman jaia antolatzeko baina ekimena aurrera eraman da, ohitura ez galtzeko.

Ekimen honen helburuak dira, besteak beste:

  • Euskararen transmisioaz gurasoak sentiberatzea. Alde batetik, euskaraz dakiten gurasoek seme-alabei euskara transmititzea bilatzen da eta, bestetik, euskara ez dakitenek, euskararenganako motibazioa piztea.
  • Euskararenganako maitasuna sustatzea. Umeak bertsoaren hartzaile dira, euren logelan izaten dute koadroa eta liburua, berriz, eskuetan.
  • Bertsoaren indarra, euskal kultura, herri baten parte izatea, zeharka sustatzen dira ekimen honen bidez.

Aurten, gainera, nobedade modura, bideo labur bat ere prestatu da, hainbat testigantza jasotzen dituena: gurasoena, bertsolariena eta 17 eta 18 urte bete dituzten gazte birena. Bideoa abenduaren 30etik aurrera egongo da ikusgai Bermeoko Udalaren Euskera Sailaren Youtubeko kanalean.