Jakin badakite aurtengoa oso ezberdina izango dela. Baina Bermeoko Udalak ez du "gabonetako izpiritua galdu nahi" eta aurreko urteetan egindako zenbait ohitura mantentzearen aldeko apostua egin dute. Nahiz eta Gabonetako kultur programazioa ez den aurreko urteetakoa bezain mardula izango, gutxienez umeak protagonista dotuen ekitaldiak mantenduko dituzte. Hala, Olentzero eta Mari Domingi -abenduaren 24an- eta Errege Magoak -urtarilaren 5ean- ikusteko aukera mantenduko dute. "Osasun neurriak zorrotz beteta", Artza frontoian egingo dituzte agerraldiak, txandaka antolatuz.

"Egungo egoerara moldatuta egongo dira", zehaztu du Kultura zinego-tzi Alazne Zumetak. "Helburua da bermeotarrei urtero egiten diren zenbait ekintza eskaintzea". Bide batez, "Udalak herritarrei mesedez eskatzen die antolatzaileen gomendioak jarraitzea, ekintza seguruak izan daitezen". Izan ere, aldez aurretik hartu beharko dira gonbidapenak. Olentzero eta Mari Domingirien kasuan. "16.00etatik 20.00etara izango da eta txandak eta taldeak antolatuko" direla zehaztu du Zumetak. "Gonbidapenak gaurtik aurrera eskuratu beharko dira Gizarte eta Kultur Etxean, 17.00etan hasita".

"Gehienez ere, lau ume sartu ahalko dira", nagusi baten zaintzapean. Bada, "Gizarte eta Kultur Etxean talde bakoitzari ordua zehaztuko zaio. Bisita egindakoan, taldeak frontoitik atera beharko du eta ezingo da inguruetan geratu, jende pilaketak ekiditeko. Antolatzaileen lana eta gomendioak errespetatzea mesedez eskatzen da". Errege Magoen kasuan tankera berbera izango dute. "15 minutuko antzerki laburra ikusi ahal izango dute umeek", hiru saiotan: 16.00etan, 17.30ean eta 19.00etan. "Gonbidapenak Gizarte eta Kultur Etxean batu beharko dira, abenduaren 30etik aurrera (09.00etatik aurrera)", diotenez, eta lau pertsonako taldeak izango dira, gehienez (heldu bat eta hiru ume).

erregeen postaria

Autengo nobedade nagusienetakoa da Errege Magoen postaria delako figura. Udal Azokan izango da, 17.00etatik 20.00etara abenduaren 3an. "Honek, umeen gutunak jasoko ditu. Erregeek umearen etxea non dagoen jakiteko umeak berak Bermeoko mapa batean bere etxea non dagoen identifikatuko du, gomets baten bitartez. Umeak ere bigarren gometsa etxera eramango du, Erregeek dagokien etxean daudela jakin dezaten", zehaztutakoaren arabera.