Orain dela ia bi aste herriko ostalariek egindako proposamenari baiezkoa emango dio Gernika-Kumoko Udalak, beti ere ordenantzan ezarritako zenbait baldintza betetzen badituzten. Beraz, udalerriko tabernek negu parterako euren terrazak hobetu ahal izango dituzte, irudia berdinduz. Hala nabarmendu zuen Jose Maria Gorroño alkateak azken Osoko Bilkuran. “Ez dugu eragozpenik jarriko, baina terrazek irizpide teknikoak bete beharko dituzte”, adierazi zuenez.

Gernikako Merkatari Elkartuak erakundera batutako ostalariak izan dira Udalari proposamen zehatza egin ziotenak, gutxienez urte amaiera arte terrazak jarri eta horrela eta koronabirusaren egoerak sortutako kalte ekonomikoak leundu ahal izateko. Udalak euren eskakizunari baiezkoa emango diola aurreratu du. Bada, “irizpide teknikoak” kontutan hartuta, eta EH Bilduren erregu bati erantzunez, Gorroñok zera adierazi zuen: “ezin dugu edozein gauza egin. Terrazek segurtasun eta osasun neurri guztiak bete beharko dituzte, baita larrialdiko ibilgailuen joan-etorria errespetatu” eta ibilgailuen igarobideari oztoporik egin gabe. Udaleko Bulego Teknikoa izango da baiezkoak emateko udal erakundea. “Erabaki teknikoa izango da”, alkatearen esanetan.

Ostalariek erantzuna jaso dutela zehaztu zuen Udalak. Gogoratu beharra dago udalerriko zonalde ezberdinetako -San Cristobal auzunea, erdigunea edota San Juan Ibarra ingurua, besteak beste- 60 taberna eta jatetxek aurkeztutako proiektu bateratuak terrazak hobetzea zuela helburu, hainbat negozioren biziraupenerako. “Udan oso lagungarri izan dira”, baina neguan ere hala izateko eskatu zuten.

Udazkena etortzean, hauen mantentzearen aldeko apustua egitea adostu dute ostalariek, izan ere “hotzak eta euriak espazio hauei erakargarritasuna galtzea” eragin die. Hori dela eta itxura homogeneoa eskaintzeko prest agertu ziren, beharrezko diren ekipamenduan inbertitzekoahalegina eginez, “terrazak atsegin eta erosoago egiteko”.