- Ez da posible izango. Lea-Artibaiko hainbat erakundek zuten hitzordua jarrita gaurkoan, urriaren 10ean. Baina “azken egunetan Markina-Xemeinen COVID-19aren intzidentzia areagotu denez eta gauden egoeran egunez eguneko errealitatea kontuan hartu beharra dagoenez”, Lea-Artibaiko Elikagaien eta Artisauen Egunaren lehen edizioa bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Orotara 15 ekoizlek hartuko zuten parte, eta dena zen prest Uni frontoian azoka egun ederra egiteko, neurri guztiak kontutan hartuta.

“Osasun Arloko arduradunen azken orduko eskaerak eta Ertzaintzaren gomendioek berretsi egin dute erabakia”, Markina-Xemeingo Udaletik adierazitakoaren arabera. “Covid-19ak eragindako egoera dela eta, Urriko Azoka Nagusia bertan behera geratu zen. Urteroko zitaren ordez, formatu txikiago bateko ekimena antolatuta zegoen biharko, Lea-Artibaiko lehen sektorea eta bertako produktuak babesteko”, Horixe zen proposamen nagusia: “Eskualdeko elikagaien merkaturatzea erraztu eta ekoizle eta artisauei bultzada ematea. Era berean, ekoizle eta bezeroen arteko harremana indartu nahi zen”.

“Ahalegin eta lan handia egin da egoera berezi honetan azoka aurrera eramateko, baina azken orduko informazioak ikusita, ezin izango da ekimena aurrera eraman”. Hala ere, Udalak mezu berbera helarazi nahi izan die herritarrei. “Udalak gogorarazi nahi du bihar ez dagoela azokarik eta ezta jairik ere Markina-Xemeinen. Beraz, egoerak eska-tzen duen moduan, arduraz eta erantzukizunez jokatzeko deia egiten zaie herritarrei”.