Hainbat dira koronabirusak sortarazi duen krisialdiak kolpatu dituen sektore ekonomikoak. Hauetako bat, adierazgarrienetakoa akaso, merkataritza, zerbi-tzu-enpresa eta ostalaritza dira. Hainbat erakunde publikok egindakoaren antzera, Gernika-Lumoko Udalak herriko denden biziraupenari aupada eman diezaioken ekimena jarri zuten martxan, orain aspaldi. Baina udalerriak bigarren txanda bat abiarazi du oraintsu. Nik Gernikan Bonoa delakoaren bigarren deialdiari ekin diote. Guztira, eta azaroaren 30a arte, 6.240 bonu jarriko dira salgai.

Udala eta herriko merkatari taldea -Gernikako Merkatari Elkartuak- lankidetzan aritu dira ekimena hauzatzeko. “Bigarren kanpaina honetarako 6.240 bonu jaulki dira herriko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumitzeko”, zehaztutakoaren arabera. Horiek Turismo Bulegoan erosi ahal izango dira azaroaren 30a arte, “edo agortu arte. Horiek erosteko, NANa edo identifikazio-agiri ofiziala aurkeztu beharko da, eta, trukatzeko orduan, behar bezala beteta egon beharko dute, NANaren zenbakiarekin eta hartu dituen pertsonaren sinadurarekin”.

Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñoren aburuz, merkatariei laguntzeko tresna da Nik Gernikan Bonoa. “Pandemiak gehien kaltetutako herriko sektore ekonomikoei lagundu behar diegu, ostalaritzari eta merkataritzari, esaterako”. Gorroñok mezu argia helarazi nahi izan die gernikarrei, “kanpaina hau babesten jarraitzeko eta, hurbileko merkataritza eta ostalaritza erabiltzeko une honetan ez ezik, pandemia gainditu ondoren ere. Guztion artean babestu behar ditugu”. Gernikako Merlatari Elkatearen arduradun den Gaizka Muniategik ere positiboki baloratu du oraintsu ekindako kanpaina. “Gernika-Lumon erosteko kontzientzia sor-tzeak duen garrantziaz” ohartarazita, saltokien zerrenda nola kontsulta daitekeen izan zuen hizpide. Berau webgunean da eskuragarri, www.gernika-lumo.net/nikgernikan atarian.

Azkenik, Iñigo Magunagoikoetxea Merkataritza zinegotziak lehen txandan izandako arrakasta goraipatu zuen. “Ekainetik abuztura bitartean egin zen kanpaina oso positiboa izan da, saldutako bonuen % 80rekin eta 325.000 euroko gastu induzituarekin; horrek esan nahi du udalaren ekarpena boskoiztu egin dela, 100.000 eurokoa izan zena”. Kanpainaren bigarren txandarako Udalak 30.000 euro inbertituko ditu.