- "Benetan harrigarriak". Hala deskribatu dute Urdaibai Bird Centerreko arduradunen uztailean eta abuztuan zehar izandako bisitari kopurua. Nahiz eta koronabirusaren pandemiaren eraginak hainbat natur- eta kultur-ekipamendutan buruhausteak sortarazi dituen, Gautegiz Arteagan kokatutako eraikinak oso datu positiboak jaso ditu uda partean."Bisitarien kopuruak % 10 egin du gora iazko datuekin alderatuta, eta hori ez da batere ohikoa, ikusita covid-19ak gure artean izan duen eragina", diotenez. 11.000tik gora pertsona izan dira Urdaibai Bird Centerren.

Baina arrazoietan sakontzen badugu, ezustekoa ez da hainbestekoa". Argibide bi eman dituzte. "Alde batetik, atzerriko bisitarien presentzia ia hutsaren hurrengoa izan da; Estatuko eta Euskadiko bisitariena, aldiz, areagotu egin da". Eta arrazoi nagusia konfinamendu-aldian "aurkitzen dugu; izan ere, Urdaibaiko padurak eta bertako hegaztiak zuzenean erakusteko egin genituen emanaldiak 250.000 familiak jarraitu zituzten". Emanaldiek hainbat pertsona engantxatu zitutzen, naturaz zuzenean goza-tzeko aukera plazaratzen zutelako. "Naturara irekitako leiho bat bihurtu ginen", adierazi dutene modura.

"Behin konfinamendua amaituta, ikus-entzule horien zati txiki batek hitza bete behar izan zuen gu bisitatzera etortzeko, eta, horrela, 11.105 pertsona iritsi ziren honaino koronabirusaren beldurrak garaituz". Jakina, bisitariak segurtasun- eta osasun-neurri guztiak beteta izan ziren ornitologia lantzen duen eraikinean. Urdaibai Bird Center konfinamendua "arintzeko baliagarri izan zen, Gautegiz Arteagako Orueta hezegunean kokatutako zentroaren arduradunen esanetan. "Bisitari gehienek behin eta berriz aipatu zuten Biosfera Erreserba ederrak, konfinamendutik ihes egiten lagundu ziela, eta etxean egon beharra askoz ere jasangarriagoa egin zitzaiela".

Udan datu hain positiboak jasota, hala ere Urdaibai Bird Centerreko arduradunek lanean jarraitzen dute, hezkuntza programari helduta. 2020-2021 ikasturte honetarako eskola-bisiten programari eusten dio zentroak, "babes-neurriak zorroztuko direlarik kutsatzeak saihesteko. Ikasturte honetan, talde txikiak lehenetsiko dira, eta ez dira inolaz ere gainduko txanda bakoitzeko 25-30 ikasle, horiek bi taldetan banatuko direlarik". Hala, gehienez 20-25 ikasle izatea gomendatzen da taldeko, begirale bakoitzeko 10-12 ikasleko ratioa ziurtatzeko. "Segurtasun distantziak mantenduko dira, betiere burbuila-taldeak mantenduz. Ikasleek eta irakasleek maskara nahitaez erabili beharko dute bisitetan, eta hidrogela eskuetan aplikatu beharko dute zentroko hainbat lekutan, beti ere, pertsonen arteko distantziak errespetatuz", gaineratutakoaren arabera.

"Era berean, urrian zehar zabalik jarraitzen du Euskadiko arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektuaren ezagutzan parte hartu nahi duten euskal eskola-taldeentzako doako bisiten programak; izan ere, 2020. urte honetan berrikuntza interesgarriak erakusten ditu 2013tik askatutako arranoen bilakaerari dagokionez".

Ezohiko uda

Uztailean eta abuztuan Urdaibai Bird Centerrera eta bertako behatokietara egindako

bisitarien datuak "benetan harrigarritzat" jo dituzte.

%10

Iazko udako bi hilabete horiekin alderatuta, bisitarien kopuruak % 10 egin du gora. "Eta hori ez da batere ohikoa, ikusita covid-19ak gure artean izan duen eragina", diotenez.

Hezkuntza

Segurtasun-neurri guztiak beteta, aurtengo urrian ekin diote urteroko Urdaibai Bir Centerren hezkuntza programari.