- XV. mendera salto egiten duen tradizioa da, Lekeition benetan maitatua eta urteetan zehar bete dutena. Baina koronabirusak moldaketak egitera behartu du aurten. "Aurtengo jaiak ezin izango dira betiko moduan egin. Baina posible izango da ekintza batzuk egitea", Udaletik azaldu dutenaren arabera. Jakinda San Pedro jaiak ezberdinak izango direla eta segurtasun neurriak betetzea lehenetsiko dutela, oraingoan emakumeen aurreskua eta Kaxarranka dantzak Abaroa parkean egingo direla jakinarazi dute, beti ere "aforo mugatuarekin".

Udalerriko mugak zeharkatu eta Euskal Herriko folklorera salto egindako dantza biak aurrez aurre ikusi ahal izango dutenen zozketa berriki eginda -sarrerak atzo banatu zituen Lekeitioko Udalak, aldez aurretik izena eman zuten bizilagunen artean, eta hauek abisatu dituzte telefonoz-, Lekeitiok era desberdinean biziko ditu 2020ko San Pedro jaiak. Bihartik hasita eta uztailaren lehen egunera arte, osasun eta segurtasun neurriez jositako festak izango dira nagusi udalerrian. Baita euskal kostaldeko hainbat udalerriren moduan, arrantzaleak zaintzen dituen patroiaren egun handian ere, ekainaren 29ko San Pedro egunean.

Izan ere, badira hainbat tradizio bere horretan mantendu ahal izango direnak, baina beste batzuk euren agertokia aldatu beharko dute. Horrela, dei eittekuak mantenduko dira, goizean goiz -zehazki, 07.00etatik aurrera- aintzina legez kaleetan zehar ibiltzen ziren emakumeen usadioari jarraiki. Baina ez dira bere horretan mantenduko ostean etorriko diren ospakizunak. "Goizean zehar dei eittekuak, herriko txistularien kalejira eta meza izango ditugu", ziurtatu dutenez.

Horraino heltzen dira ohiko San Pedro jaien ospakizunak, izan ere urteen poderioz Lekeitioko ikur bilakatu diren Kaxarranka -portu inguruan, Kofradia aurrean dantzatzen dena- eta emakumeen aurreskuak agertokia aldatu behar izango dute, koronabirusa dela eta. "Abaroa parkean 11:30ean Kaxarranka eta emakumeen aurreskua" izango dira, eta "bertara bakarrik joan ahalko dira sarrera zozketan lortu dutenak", gaineratutakoaren arabera. Sarrerarik lortu ez dutenek -guztira 150 pertsona inguru izango dira, gehienez-, ospakizunak jarraitzeko aukera izango dute, sikieran sare sozialen bitartez. Bada, "joateko aukerarik ez dutenek, Lekeitioko Udaleko sareetan bideo berezia izango dute astelehen eguerdian".

Abaroa parkeak berak irrintzi txapelketa hartuko du, 13:00etatik aurrera. Ekaineko 29ko San Pedro egunarekin amaitzeko, azkenik, 22:30etan zine proiekzioa egingo dute, Blackie & Kanuto umeentzako pelikula eskainiz. Aire libreko zine proiekzioa izango da, segurtasun neurri guztiak betezea ahalbidetzen duena. "Sarrerak doan Abaroan hartu ahalko dira 19:00etatik aurrera".

San Pedro jaietako tradiziorik nabarmenenetakoa den Kilin-Kalarik ez da aurtengoan izango. Izan ere, jende pilaketak erakar-tzen dituen ospazkizuna dela kontutan hartuta, berau ez egitea adostu dute kofradiak eta Udalak. "Segurtasuna bermatzea" lehenetsi dute. "Ekintza guztiek segurtasun protokoloa" jarraituko dutela gaineratu dute Udaletik, nahiz eta bide batez herritarrei "erantzukizunez joka-tzeko" eskatu zaien. "Kalejira ikusten baduzue, gozatu, baina ez hurbildu musikariengana eta ikusleen artean distantziak mantendu". Bestalde, "Abaroa parkean egingo diren ekintzetara joateko derrigorrezkoa izango da maskara ipinita etortzea, sarreran eskuak garbituko dira eta bakoitza eseri beharreko aulkira bideratutako zaie". Azkenik, "sarreran segurtasun distantzia zehazten duten markak egongo dira". Eta Udalak azken eskakizun bat helarazi nahi izan die lekeitiarrei, "San Pedro hauetan zuen etxeetako balkoiak apaintzera eta lorez betetzera gonbidatuz".

Ezohikoak izango diren Lekeitioko San Pedro jaiek azken bi hitzordu izango dituzte: "ekainaren 30ean, Lekitto Musika Bandaren kalejira izango dugu arratsaldean. Eta 22:30etan Agur Etxebeste filma Abaroan" eskainiko dute. Filma ikusrekos sarrerak doan Abaroan hartu ahalko dira 19:00etatik aurrera". Azkenik,uztailaren 1ean, "Itxaropena txistularien kalejira izango dugu arratsaldean".