Kulturaz betetako asteburua antolatu du Uhagon Kulturguneak datozen bi egunetarako. Lehendabizi, gaur 19:00etatik hasita, Eneko Arrate Sololuzeren umorezko bakarrizketa izango da -Herribixiren facekook orriaren bitartez-, herriko eta inguruko istorio xelebrei buruz solastuz. Bihar, bestetik, Markina-Xemeingo musikariak batuko dituzte, Musika Balkoietan ekimenaren bitartez.

“Herria musikaz beteko dute Tarine Udal Musika Eskolako hainbat ikasle eta irakaslek eta herriko hainbat musikari eta musikazalek”, azaldu dutenez. 30 musikari batzeko proposamena dute Uhagon Kulturguneko arduradunek. Musika Balkoietan izenburupekoa, “19:00etan hasita, bakoitzak bere instrumentuarekin, euren balkoietara irtengo dute eta herri guztian musika zuzenean entzun dadin saiatuko gara”. Markina-Xemeingo hainbat txokotan izango da musika en-tzungai, ordu erdiko iraupeneko kontzertu erraldoian.

Bestetik, idazlan laburren lehiaketan parte hartzeko aukera zabaldu dute. “Etxean: nola bizi duzu egoera hau?” gaitzat hartuta, narrazio lehia hiru kategoriatan berezituko da: 10 eta 11 urte bitartekoak; 12 eta 16 urte artean dituztenak, eta 16 urte baino gehiagokoak. “Kategoria bakoitzean saritu bakarra” egongo dela azaldu dute. “Markina-Xemeinen itxita egon diren komertzioetan gasta-tzeko 75 euroko bono bana emango zaie eta opari bat”, gaineratu dutenez. “Lanak eta datuak helbide honetara bidaliko dira maia-tzaren 29rako: kulturgunea@uhagon.com”.