- Fase berrira egokituta, datorren astelehenetik aurrera koronabirusak eragindako berrogeialdia leuntzeko neurriak hartuko dira Euskadin. Ostalarien kasua izango da horietako bat. Hori dela eta, beti ere baldintza zehatz batzuk zehaztuta, ostalaritza eta jatetxeetako terrazak publikora irekitzea ahalbidetuko da. Lekeitioren kasuan, gainera, hauek “handitzeko malgutasuna” eskainiko duela iragarri du Udalak.

“Terrazetan dauden mahaien edukieraren %50 erabili ahalko da gehienez ere, eta mahaien artean gutxienez bi metroko segurtasun distantzia mantendu beharko da”. Hala azaldu dute Udaleko bozeramaileek. Baina, portu inguruan kokatutakoei eta lizentzia dutenei aukera emango zaie “beraien terrazak %50ean handitzeko eta covid-19aren aurretik zituzten mahai kopuru berbera mantentzeko. Hau da, “kontuan izan dira terrazak handitzeko orduan covid-19aren aurretik zuten mahai kopurua berbera izatea, baina baita ere, oinezkoentzako leku nahiko uztea eta segurtasun eta larrialdietako zerbitzuentzako tokia egotea”.

Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak hartu dute erabakia, eta “aparteko neurri berezia izango da aurtengo udara” mugatuko dela nabarmendu dute. Ordutegia berezitua ere izango da, izan ere portu inguruko ostalari-tza eta jatetxeen kasuan, “terrazaren azalera handitzeko ordua 13:00etatik aurrera izango da. Beti ere, portuko jarduera eta zamalanetarako baimendutako orduak amaitu ondoren”, argudiatu duten moduan. Edonola ere, babes zibileko eta larrialdietako ibilgailuak modu seguruan ibiltzea bermatuko du Udalak.

Udalerriko gune ezberdinetan kokatuta dauden ostalaritza eta jatetxeei dagokienez, “baimena eskatuko ahalko diote Lekeitioko Udalari, haien terrazaren azalera handitzeko”. Udalak ontzat emanez gero, mahaien kopurua handitu ahal izango da, “mahaiaren eta azalera erabilgarriaren arteko %50eko proportzioa errespetatuz, eta terraza kokatzen den gunean oinezkoentzako eremua mantenduz”. Erraztasunak ematea da argudio nagusia, baitra baimenak lor-tzerakoan ere. “Hortaz, baimen hau lortuz gero, zerbitzu hauek terraza handitu ahalko lukete udaldian zehar, maiatzaren 11tik aurrera”.

Lekeitioko establezimenduen egoera hobetzea bilatzen du Udalak, “herritarrentzako eskaintza ere handituz. Hurrengo hilabeteetan osasun egoera hobetzen bada, har-tzen diren neurri berriak emango dira ezagutzera”.