- 2020-2023 epealdiari dagokion diru-laguntzen plan estrategikoa onartu berri du Bermeoko Udalak. Diru-laguntza hauek datozen lau urteetan Udal Gobernuak lortu nahi dituen helburu estrategikoekin "lerratuta daudela" azaldu dute, eta urtez urte laguntza deialdiak argitaratuz joango dira, "momentuko egoera kontutan hartuta eta eragile ezberdinekin hitz eginda". Legegintzaldian 350.000 euro bideratuko dituzte, orotara, laguntza zuzenak eta lehiakorrak kontutan hartuta.

"Diru-laguntza hauek benetan eraginkorrak izan daitezen, ezinbestekoa da herriko eragile, talde, elkarte€ ezberdinekin elkarlana lortzea. Euren beharrizanak eta proposamenak entzuteak berebiziko garrantzia dauka urtez urte diru-laguntza hauek definitzen joateko", Bermeoko alkate Aritz Abaroak zehaztu zuenez. Bermeo bizia, Bermeo euskalduna eta Bermeo jasangarria (naturaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntu batetik begiratuta) egiazki lortzeko bideratuko dira diru-laguntzak hauek, helburuak lortze aldera, beti ere "udalaren eta herriko eragileen arteko elkarlana" sustatuz.

Aurtengo diru-laguntzei dagokienez, helburu estrategikoak zehaztu ditu Bermeoko Udalak: nortasun propioaren jabe den herria da lehena. "Bermeoren izenaren zabalkundean eta herriko ekonomian eragin positiboa duten jarduera arruntetik haratagoko jolas-izaerako kirol ekimenak antolatzeko" laguntzak 17.000 eurokoak izango dira.

Bermeo bizia delako esparruari dagokionez, "Gizarte Bazterkeria eta Eskubide Sozialen Gutunean agertzen diran baliabideek estaltzen ez dituzten gabeziak" dituzten pertsonen-tzako 5.000 euro bideratuko dira. Auzo Taxiak 3.500 euroiza izango ditu; Familia ugarien Ondasun Higiezinen Gaineko Zergek, 3.000 euro; kirol taldeen jarduera arrunta finantzatzeko diru-laguntzek 15.000 euro, eta kultur talde eta pertsona fisikoei urteko kultur eta jai ekimenak finantzatzeko diru-laguntzek, ostera, 111.000 euro. Azkenik, Bermeo euskalduna arloak 9.000 euro jasoko ditu, eta Bermeo jasangarriak, azkenik, 15.000 euro orotara.