BERMEO. Bermeon tradizionalki urtero ospatzen den Arrain Azokaren aurtengo edizioa bertan behera geratuko da, koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta. Hala ere, kostaldeko herriko Arrain Azoka Elkarteak lanean ari da azoka bizitzen ari garen egoerara moldatzeko. Ez da erreza izango arrantza sektorearen espiritua mantentzea, baina behintzat ahalegin guztiak egingo dituzte aurten ere Arrain Azoka nolabait ospatzeko.

Ez da erabaki erraza izan, baina ez da beste erremediorik egon. Izan ere, bizi dugun itxiera egoerak ez du aukerarik eman Azoka egiteko. Honela, Arrantza sektorearen asteburua bertan behera utzi behar izan da, behintzat, guztiok ezagutzen dugun betiko formatuan. Baina Arrain Azoka Elkarteak ez zuen urte hau zuriz utzi nahi eta duela zenbait astetik hona gogor dabil lanean Azoka beste era batera egiteko. Ekimena bertan behera uzteko eta formatua aldatzeko erabakiak aho batez hartu dira, sektorearekin uneoro kontsulta eginda eta adostasuna bilatuz.

FORMATU ALDAKETA

Ezin badira postuak kalean ipini, eraman ditzagun postuak etxeetara. Bada, ideia honi tiraka, Arrain Azoka, Arrain Azoka Birtualean bihurtuko da aurten. Egoera berriak irtenbide berriak ematea ekarri du, baina betiko espiritua mantenduz. Azoka Birtualak bi helburu izango ditu: Arrain Azokak guztion egutegietan jarraitzea eta sektoreko enpresei erakusleiho garrantzitsu bat eman eta negozio aukera berri bat eskaintzea. Hau da, Azoka Birtuala erosketak bideratzeko puntu bat izango da. Gainera, hiru egun zabalik egon beharrean (aurtengo edizioa maiatzaren 22, 23 eta 24ean egitea aurreikusita zegoen), maiatzaren 18tik 24ra irekita egongo da.

Arrain Azokak, gainera, webgune berria estreinatu behar zuen aurten, eta horrela izaten jarraituko du. Webgune berriak, Azoka Birtuala izateaz gain, beste gauza asko eskainiko dizkio bisitariari: berriak, urteetan zehar emandako hegaluze sariak, erronka garbiaren gaineko informazioa, solidaritza gunea, babesleen eta kolaboratzaileen izenak, aurreko urteetako egitarauak, urte guztietako kartelak, argazki eta bideoak€ guztia helbide honetan: www. bizibermeo.eus/arrainazoka

Egia da ere betiko Arrain Azokak beste aukera asko eskaintzen dituela. Izan ere, Bermeoko komertzio eta ostalari askorentzako oso egun garrantzitsuak dira, milaka lagun elkartzen baitira herrian. Nahiz eta Azoka Birtualak ez duen inolaz ere betikoa %100ean ordezkatuko -ez behintzat ikuspuntu honetatik begiratuta- inpaktu negatiboa minimizatzen saiatuko da formatu berri honi esker.