Mundaka

Dena prest Aratuste egun handirako

Ohiturei eusteko prest dira Mundakan eta Markina-Xemeinen, beste urte batez

21.02.2020 | 06:15
Atorren zuzendaria, zuriz jantzitako estudiantinaren buru dela

MUNDAKARRENTZAT ez da egun hoberik. Hala dio bertako Aratusteko kanta ezagunenak, eta igandean, beste urte batez, esaera honi tinko eutsiko diote. Berrehundik gora ator eta ehundik gora lamiak, inauterietako funtsezko pertsonaiak, zuri-beltzez jantziko dute inauteria. Markina-Xemeinek ere badu tradizio luzea, eta festa egun horretan ehunka kuadrillak hartuko dituzte udalerriko kaleak, mozorro desfilean, baita artzak ere, Zerutxu dantza taldearen zaragi dan-tzak lagunduta.

Badira hainbat udalerri Bizkaian modernitatea dutenak euren inauterien gako nagusi. Ez da ez Mundakaren ezta Markina-Xemeinen kasua. Kostaldeko herrian igandean 10:00etan irtengo dira txistulariak -bihar arratsaldean ere ohiko danborrada egingo dute gazteenek-, marrauak eguerdi partean agertzen diren artean giroa berotzeko. Zuriz, gona bana gerriondoan eta sorbaldan, eta almohadazala buruan, Gari Irazu zuzendariak gidatuko du estudiantina kaleetan zehar. Eta tradiozionalak diren hainbat abesti eskainiko dituzte. Emakumeen txanda, lamiena, 18:00etan izango da. Izaki mitologikoan oinarrituta, beltza dute janzkera, musikaz eta dan-tzaz egiten duten ibilbidean. Iaz bezala Marina Etxeandia izango dute gidari. Eta ohi legez ez da giro onik faltako.

Markinarrak ere bereziak dira euren inauterietan. Ar-tza kalera irtenda, Zerutxu dantza taldeaz inguratuta, 13:00etan ekingo zaio mozorro desfileari. Milaka pertsona izango dira partehartzaile, herria kolorez betez. Herri Bazkariaren ostean -14:30etan hasitan-txarangek lagundutako kalejirak izango dira, iluntzeko Kontzejupeko erromeriak -19:30- emango diolarik amaiera jaiari. Aurtengoan zaldi zinta jokorik ez da izango, parte hartzaile kopurua nabarmen gutxitu delako.