BERMEO. Bermeoko Udalak 242.000 euroko aurrekontua aurreikusi eta bideratuko du Askatasun bidea kaletik Zarragoitxi kalera igotzeko bidearen hobetzeko martxan diren lanetara. Helburua irisgarritasuna hobetzea da, Zarragoitxi auzoko auzokideek etxera iristeko edota herrira joateko bidean ahalik eta zailtasun eta oztopo gutxien izatea da. Bermeoko Udalak kanpainan zein legealdi hasieran udalerriko puntu gehienetan irisgarritasuna hobetzeko konpromesua hartu zuen, eta orain arte egindako lanak bide horretan doaz. Horrela, pausoz pauso herria hobetzeko ardura izango du Aritz Abaroa duen gobernu-taldeak.

Bide honek, hala ere, arazo bat planteatzen du: malda handia duela. Gainera, errepidearen hertzetik doazen eskailerek ere arazo bera dute. Malda handia izateaz gain, eskailerak zaharkituak daude eta hauek berritu beharra zegoen. Gauza bera esan dezakegu goiko aldean, etxebizitzen blokeen aldamenean dauden eskailera eta espaloiei buruz ere.

Bada, proiektuak eskailera berria egitea aurreikusten du. Eskailera berri hauek, errepidearen aldamenetik joan beharrean, bihurgunea ekidin eta beheko aldetik zuzen-zuzenean igoko dira. Gainera, bidearen beste aldean ere espaloi berria egitea aurreikusten da, eskailera bertatik pasatzeko aukera bakarra izan ez dadin. Goiko aldean ere eskailerak eta espaloia berrituko dira. Egingo diren lanei esker, herritarrek erraztasun gehiago izango dituzte mugitzeko, euren bizi kalitatea hobetuz, eta larrialdietako ibilgailuen irisgarritasuna ere nabarmen hobetuko da.