BERMEO. Bermeoko alkate Aritz Abaroak 'Bermeo garbi' ekimenaren barruan egongo den 'Kontzientzia sortzailea' izeneko figura aurkeztu zuen atzo, urtarrilak 29. Proiektu horren barruan, Udalak kontratatutako bi pertsona egongo dira hurrengo bost hilabeteetan herritarrak kontzientziatzen herriaren garbitasunari buruz.

Beraien lana oso garrantzitsua izango da, herritarrak herriaren garbitasunarekin eta behar bezalako antolakuntzarekin sentsibilizatu eta inplikatzea bilatuko dutelako. Izan ere, herria bera garbi egongo da bermeotarrek garbitasunarekin konpromisoa erakusten badute. Kontzientzia sortzaileek elkarbizitza hori hobetzeko hiru esparrutan lan egingo dute: herritarren portaera arauetan, ingurumenarekin zerikusia dutenetan eta, animalien jabeei dagozkien jokabideetan. Bi langileek hiru arlo hauetan sentsibilizazio kanpainak abiaraziko dituzte, herritarrak behar bezala informatuz.

Kontzientzia sortzaileek, besteak beste, zigarro puntak sastarretara botatzeko garrantziaz hitz egingo diete erretzaileei, birziklatzearen onurak azalduko dizkiete herritarrei eta txakurren kakek sortu ditzaketen arazoez ohartaraziko diete animalien jabeei. Azken helburua herriaren irudia eta herritarren kontzientziazioa hobetzea izango da

Alde Zaharreko dinamizazioa eta Behargintzako bezeroen datuen eguneratzea:

Gainera, Bermeoko Udalak beste bi proiektu martxan jarri ditu: ‘Alde Zaharreko dinamizazioa’ eta ‘Behargintzako bezeroen artxiboen eguneratzea’. Lehenbizikoari dagokionez, Alde Zaharrerako dinamizazio kanpainen sormena da helburua. Hau lortzeko bi pertsona kontratatu dira (enpresa arloko aditu bat eta Arte Ederretan aditua den beste bat). Proposatutako kanpainen bitartez herritarrak, turistak eta negozio berriak Alde Zaharrera erakarri nahi dira. Gainera, Alde Zaharraren potentziala ikusarazi nahi da sormen kanpaina hauen bitartez. Proiektuak 6 hilabeteko iraupena izango du.

Azken proiektuak Behargintzako bezeroen artxiboen eguneratzea du helburu. Behargintza sortu zenetik (2001), 6.700 bezeroren informazioa artxiboetan gorde da eta datu hauek eguneratu nahi dira, Behargintzaren zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Lan hau aurrera eramateko sei hilabeterako bi pertsona kontratatu dira.