Gernika-Lumo - Ezin daiteke uka Urriko Azken Astelehenak belaunaldi ezberdinak lotzea lortzen duenik. Bakoitzak bere planetan eta betebeharretan murgildurik, azokak ez daki zer den generazioen arteko talka. Horren adibide dira Foru plazan burubelarri irina eskuz molda-tzen zebiltzan Gernika Atletismo taldeko gaztetxoak eta Artekalen zebilen koadrilaren irudia, soka baten bitartez lotuta, DEIAk eskatuta. Gazteek zein nagusiek argi zuten: “Urriko Azken Astelehena egunik politena da”. “Lan eta lan, lan eta lan, lan eta lan... goizeko 8:00etatik aurrera halan gabiltza, deskantsu barik”. Hala zioten Javik eta Beñatek, taloak egiten zenbiltzan bitartean, irribarrez apaindutako aurpegia erakusten. “Atletismo taldearen alde ari gara, lotzen dugun diruarekin materiala eta halakoak erosiko ditugulako”, azaltzen zuen. Horixe izango dute atzokoan egindako lanaren ordaina. Gernikar gazte bien ondoan ziren Ane, Irati eta Aitor, “txintxo-txintxo” eta eskularruak jarrita lanari ekinez. Kirol elkartearen gunean dozenaka pertsona zuten esperoan, taloa irensteko irrikaz. Baina euren lana ederki bete zuten, pazientziaz lagunduta. “Hemen Carlos (Galan) da jefea. Berak esaten duena egiten dugu guk, eztabiadarik gabe”. Eta hara eta hona zebilen elkarteko ordezkariak barre algaraz erantzun zuen: “Bai, hauekin ez dakit ilaran daudenek euren taloa jan ahal izango duten. Espero baietz!”. Txosnan burubelarri arituta ere, giro onik ez zen falta. Ezta txantxarik ere. “Urriko Azken Asteleheneko hoberena? Ez garela klasera joan behar. Baina lanean gabiltza, eh? Eta gero emango dugu bueltatxoren bat. Dutxa hartu, arropa aldatu eta buelta bat ematera, ze lan nahikoa egin dugu”. Eta nolako izango da azoka etorkizunean? “Idearik ez! Baina guk disfrutatuko dugula ziur baietz”.

Atletismo taldeko gaztetxoak barraren beste aldean zirela, Andoni Agirre, Javi Intxausti, Kepa Larruzea, Olga Artetxe eta koadrilla inguruan ziren, taloaren esperoan ilaran jarrita. “Goseak” jota, nahiz eta aldez aurretik gazta apur bat, pintxoren batzuk, txakoliak eta gildak probatu zituzten. “Bah! Txikikeriak! Orain dator otordu nagusia”. Edadez nagusiago, urteroko hitzordua da Urriko Azken Astelehena eurentzako. “Urtean zehar ikusten ez duzun jendearekin elkartu, postuetan zerbait erosi, koadrillan ibili eta gero frontoira joaten gara. Egun ederra da”, Gernika-Lumoko esaldi ezagun batek ederki asko laburbiltzen duena: Lunes gernikes, golperik bez! Agirrek iragana izan zuen gogoan. “Gaur egun azoka zabaldu da, lehen lokalagoa izan zitekeen akaso, baina ez du arima galdu. Berdin jarrai-tzen du nahiz eta denborak aurrera egin duen”. Larruzearen esanetan, “salmenta aldetik ez dakit nolakoa izango den eguna, baina jendea bai aritu dela. Litekeena da lehen jende gehiago etortzea erosketetara, eta orain jende gehiago dator giroaz gozatzera. Baina azoka berezia da”. Agirrek zera gaineratzen du: “Esen-tzia mentendu duen azoka da”.

“Arima”, diotenean, “giroaz” ari dira. Milaka pertsona daude tartean, “eta bakoitzak bere planak izango ditu, baina guk nekazal produkturik onenak erosi ditugu eta kalean ibili trankiltasun osoz egunaz gozatzen. Eguraldia ere izan dugu lagun, beraz perfekto!”. Hain handia da Azken Astelehena ezen 110.000 lagun batu baitziren atzo udalerrian. “Bai, jende andana ibili da kaleetatik, eta gu ere bertan izan gara... Baina taloa jan ostean eta zesta partidak amai-tzerakoan, denok etxera. Ez gaude parranda handirik egiteko!”.

Gazte eta nagusi, Murueta sokatira taldeak utzitako sokari tinko eutsi eta prest agertu ziren argazkia parteka-tzeko. Barre algarak, txantxaren bat edo beste eta umore ona topera. Tiraka hasiak, gogor ekin zioten, hurbil zen jendartean lehiak interesa piztu zuen bitartean. Erdiguneko Artekale kalean jarrita, alde batera eta bestera publikoa batzen zen bitartean, DEIAko argazkilariaren seinaleari kasu egin zieten. “Jar zaitezte hor”, “pixka bat aurrerago” , “honantz begira ezazue”, azken aginduak... eta azkenean “klik!”. Belaunaldien arteko diferentzia lausotzen zuen irudia lortua zen. Belaunaldia edozein dela, Gernika-Lumoko herria bakarra da Urriko Azken Astelehenean.