Gernika-Lumo - Dena da prest Urriko Azken Asteleheneko azokarako. Datozen egunotan ekingo diote Gernika-Lumoko kaleak atontzeari eta erakusleihoak kolokatzeari. Antolatatzaile lana egiten duen Udalaren arabera, aurtengoan Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik etorritako 310 ekoizle batuko dira Euskal Herriko azoka handienetakoa den jardunaldian, lehen urtez gehiengo direlarik artisauak. Udalerriko kale nagusiek milaka bisitari hartuko dituzte, ohi legez, baina aurtengoan espazio gehiago izango dute bertaratzen direnek.

Azoka eguna eta jaia uztartzen dituen jardunaldian postu gutxiago ezarriko dira iazko edizioarekin alderatuta, nahiz eta zenbakiak gora ala behera ohiko giro onak hartuko ditu Gernika-Lumoko kaleak. Postu gehienak Artekale kalean kokatuko dira (66), Pasealekuan beste 50 jasoko ditu -batez ere artisauenak-, San Juan kalean 36, Juan Calzadan 30, Industrian 40 eta Domingo Alegrian beste 20 izango dira. Bestalde, udalerriko kirol elkarteek kudeatzen dituzten sei txosnak Ciutat de Bergan, Pasealekua eta Foru Plazan jarriko direla azaldu dute. Ekoizleei dagokienez, gehienak artisauak eta gaztagileak izango dira (50 postu sail bakoitzean). Segida barazkienak (43), euskal pastela eta ogia (29) eta txakolinarenak (16) izango dira. Hala ere makineria, eztigileak, kontserbak, esnekiak edota sagardogileak ere presente izango dira.

Segurtasun neurriei dagokienez, azken urteetan aplikatutako tankera berbera izango dute. Ertzaintza, Udaltzaingoa eta Gurutze Gorria izango dira beronen kargu -zenbait postu ezarriko dira ibilbidean zehar larrialdiak artatzeko-, beti ere azokan sor litezkeen ezbeharrei erantzun aproposa eta arina emateko proposamenaz. Erdiguneko kaleak itxiko dituztela iragarri dute Udaleko bozeramaileek, hauetako batzuk bihartik aurrera, eta Euskotrenek eta Bizkaibusek ezarriko dituzten zerbitzu bereziak erabiltzeko gomendioa luzatu dute, Bilbo, Bermeo, Amorebieta, Lekeitio edo Mungia bezalako inguruko herriekin konexioa ahalbidetzen dutenak. Hala ere, hirigunetik kanpo diren zenbait aparkaleku -Maier, Santa Ana, Astra, Ibarra industrigunea, Mestikabaso...-izango dira erabilgarri.

Azoka 09:00etan zabalduko da, nahiz eta lehen orduetan ez da jende andanarik ibiliko postuz postu. Eguneko egitarauak ez du aldaketarik izango: 12:00etan bertsolariak izango dira Merkurio iturrian. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Onin-tza Enbeita arituko dira. Ostean, ekoizleen sari banaketari ekingo zaio. Aurtengoan ere barazki, fruta, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta ataletan lehiaketa izango da. Geroxeago azokako gazta erdi onenaren enkantea egingo da, Jose Antonio Bastegieta Markoren gidaritzapean. Errekorra 2010ean lortu zen, Taskas jatetxeak 7.700 euro ordaindu zituenean. Arratsaldean zesta punta partidak izango dira Jai Alain 17:00etatik aurrera. - I. Fradua