Bermeo - Herritarren kon-tzientziazioan eragiteko, Suteei Aurreko Hartzeko Astea antolatu dute Bermeon. Jakina da udalerriak mota honetako hainbat ezbehar pairatu dituela azken hamarkadan, bereziki Alde Zaharreko gunean, eta behar bezalako neurriak hartzeaz gain, bizilagunen auto-babeserako neurriak erakutsi nahi dituzte. Egunotan ekimen ugari egingo dituzte, baina asteari amaiera emateko “hainbat jarduera antolatuko dira Bermeoko Goiko Plazan barikuan, irailaren 27an, eta zapatuan, irailaren 28an”. Besteak beste suteen simulakroa egiteko karpa bat ezarriko da.

Hala jakinarazi dute Udaleko iturriek. Ekimena lankidetzan antolatu dute, izan ere Mapfre Fundazioa eta Asociación Profesional de Técnicos de Bomberos (APTB) elkartea, Estatuko hainbat administraziotako su-itzalketa eta suteen prebentzio zerbitzu eta Bermeoko Herri Babesa izango dira laguntzaile. “HAuto-babesari buruzko ezagutzak zabaltzeko helburua duen proiektua Bizkaiko udalerrira etorriko den lehen aldia izango da”, diotenez.

Ekimen nagusiak ostiralean eta larunbatean egingo dira. Baina aldez aurretik gazteenei zuzendutako hitzaldiak, elkarteekin topaketak eta simulakroak egingo dira. Solasaldiei dagokienez, bestetik, APTB elkarteko kide diren Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek eta Bermeoko Herri Babeseko kideek emango dituzte.

Asteburuan Irailaren 27 eta 28an karpa bat instalatuko da Goiko Plazan eta suhiltzaileek eta Bermeoko Herri Babeseko kideek auto-babeserako hainbat ezagu-tza eskainiko dizkiete hurreratzen diren herritarrei. “Karparen barruan, sute simulakroa jasoko duen zirkuitua egongo da, partaideek larrialdi egoera baten aurrean zelan erreakzionatu ikas dezaten. Horrez gain, lehen laguntzetako tailer bat ere egongo da, beste gauza batzuen artean Bihotz-Birikietako Bizkortzea praktikatzeko, suhiltzaileen materiala herritarrek zuzenean jakin dezaten zelan egiten duten lan... Ostiralari dagokionez “izena eman eta astean zehar prestakuntza jaso duten ikastetxe eta elkarteek” jasoko dute formazioa eta, zapatuan, “parte hartu gura duen edozein herritarrek dohain hartu ahal izango du parte”. - I. F.