BILBO. Zerbitzu honen bidez, gazte bermeotarrei laguntzen zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adieraz daitezen, bestearekin harremanak izateko modu onuragarriena bilatzeko. Xede hori lantzeko asmoarekin, gazte, familiarteko eta profesionalekin lan egiten dute.

Bermeoko Sexologia Orientazio Zerbitzua Gizarte eta Kultura Etxean eskainiko da, ostilar arratsaldero. Bermesex zerbitzuko adituak hainbat gairi buruzko orientazioa ematen du ostiralero Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean kokatutako bulegoan; besteak beste, sexu bidez transmititutako gaixotasunak (STG), antisorgailuak, tabuak eta sexu orientazioa.

Bermesexen sexualidadeaz hitz egiten da: bikotea, erotika, transexualitatea, desiraren orientazioa, homoak eta heteroak, amodioa, orgasmoak, sexu-nortasun anitzak, hilekoa, tentetzea, lehenengo aldiak, bikote-gatazkak, haurdunaldiak, LGTBIQ+, emakume eta gizon anitzak ahalduntzeko estrategiak, jeloskortasun, gozamenak, LGTBI kolektiboaren diskriminazio-ezaren aldeko lana, tratu onak...

Alazne Zumetak, Gazteria Saileko zinegotziak, azaldu duenez, Bermesex zerbitzuaren bidez, “herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adierazi daitezen, horrela, euren adineko beste gazte batzuekin, hartu-emonak izateko modu onuragarriena bilatzeko”.

Bere esanetan, helburu hori lantzeko gazte, familiarteko eta profesionalakin egiten da lan. Orientazioa bideratzeko hiru eredu izango dira kontuan: programa eredua, kontsulta eredua eta teknologia eredua, hain zuzen ere.

Aurrez-aurreko arreta eta on-line bidezkoa

Zuzeneko arretari dagokionez, ostiralero, 16:00etatik 17:30era, gazte, senitarteko eta profesionalentzako aurrez-aurreko arreta eskainiko da Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan. Horrez gain, profesionalekin koordinatzeko aukera egongo da.

Orientazio ereduaren bidez, profesional ezberdinekin eta familia kideekin elkarlanean, ume, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei irtenbideak topatzeko bideak hausnartzen dira, egoera bakoitzean esku hartzeko modu, eragile eta ekintza egokienak aztertuz.

Bestalde, programa ereduaren bidez, proposamen ezberdinak eraiki daitezke; besteak beste, sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak eta informazio kanpainak.

Teknologia berriek, gainera, gazteei zuzendutako aholkularitza ekintzak burutzeko aukera zabalak eskaintzen dituzte; hori dela eta, gizarte sare, korreo elektroniko, skype (bideokonferentziak) eta txat bidezko arreta eskaintzen du Bermesex-ek. Honako hauek dira helbideak:e-posta: bermesex@bermeo.eus