ASKOK estekatzen dute Bermeo itsasoarekin. Egia bada portuak, arrantzak eta kontserba sektoreak herriaren garapen ekonomikorako gako nagusiak izan direla. Ez bakarrak, hala ere. Mendeetan ezkutuan izan bada ere, baserriak ere bere garrantzia izan du. Eta egindako ekarpena omentzeko eguna izan zuten atzokoan, Santa Eufemia egun tradizionalean. Goizean goizetik eta gau aldeko Xixiliren erre-tzearekin jaiak amaitu arte, baserri kutsua hartu zuen Lamerak, Taraskak edota Gaztelu plazak. Baserritarren eguna izan zen.

Almike, Artike, Demiku, Arranotegi, San Miguel, San Andres, Mañu... badira hainbat auzune Bermeon, Sollubeko magalaren menpean gehienak. Eta bertatik ekarritako produktuak izan ziren protagonista Lameran. Ganadua be ekarri zuten -ahuntzak, behiak, zaldiak, astoak, oiloak...-, Taraskan txikienen gozamen gune eraldatuz. Erraldoiak eta trikitilariak kalerik kale ibili ziren. Eta, azkenik, Gaztelu aldean omenaldia izan zen nagusi. Gaztelutarrek antolatuta, Aiarako bandaren musikak giro hobezina eragin zuen, Teodora Alboniga Barrena Almiketxuko bizilagun eta Gaztelu inguru bertako Irene Munitiz Zallori gorazarre egiteko. “Baserritarren azokako lehenengo edozioetan parte hartzaile”, bizi osoan izan da “Teodora baserriari lotuta, eta baita erretegiko lanei ere. Bi esku baino, lau zituela ematen zuen”, ekitaldiaren antolatzaileek zehaztu zutenez. Munitiz, bestetik, “saltsa guztietako perrexil” moduan deskribatu zuten, “hainbat ekimenetan murgildutakoa”. Andra bien hainbat pasadizo kontatuta, irrintziak eta irrifarrak tarteko, biek jaso zituzten opariak: margolanak, argazkiak eta lore sorta, Udaleko ordezkarien eskutik. Eta bertaratutakoen esker onaz gain, txalo zaparrada ere.

Jaiak, hala ere ez zuen etenik izan. Balkoirik balkoirako bertsoak -Jone Uria, Onintza Enbeita eta Iratxe Ibarraren eskutik- giroa berotzeko adina izan ziren, baita 15:00ak arte zabalik izan zen baserri produktuen azoka, non saltzaileek euren barazki eta artisau lanak saldu zituzten, zuzeneko salmentan. “Egia esan, asko etortzen dira begiratzera, ez erostera. Ez da eguna oso ondo joan. Andramari jaietako asko eguna izanik, erosleek diru asko ez dute izango poltsikoan...”, zioen, irribarrez, saltzaile batek. Lamera ordurako mahoi kolotezko parkea bilakatu zen. Orduan izan zen garai mokautxoa egiteko, bertan jarritako txosnetan. Ohi legez, taloa izan zen nagusi. Baita oilo onenak eta gazta onenen sariak emateko ere.

Agurra Bazkalostean, dantzarako ordua heldu zen. Aiarako bandak eman zuen horretarako doinua, Lamerako kioskoan, ehunka pertsona batuz. Kirola gogoko dutenek, bestetik, pilota partidak izan zituzten ikusgai Artza frontoian. Baina ordurako, bermeotarrek bazekiten festen amaierarako ordua zela. Irailaren 7ko txupinean kalera irtendako Xixiliren doluzko ibilbideari ekiteko, hain zehazki. Gaueko 22:00etan ekin zioten bideari, musikak lagunduta, beltzez jantzitako zenbait atzetik joanez. Goiko plazatik hasira eta Bermeoko kale nagusiak zeharkatu ostean, Nardiz kai parean erre zuten. Bukatzeko, Valecea pirotekniaren suziriak herriko zerua estaldu zuten, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei agurra emanez. Datorren urtera arte.