bermeo - Ohiko jardunaldiez gain, berritasun ugari dakartzate gaur iluntze aldera hasiko diren Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek. Ehundik gorako programa osatuta, eta crossfit jaialdia, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako txapeldunen bertso saioa edota euskal artzain txakurren lehiaketa estrainekoz antolatuz, Xixiliren etorrerak emango die ongietorria festei, gaueko 21:50ak aldera. 25 urteko ibilbidea betetzen duten Erroxape emakumeen elkartea eta Izaro Abesbatza izango dira pregoilariak.

“Noski, urtero antolatzen diren klasikoak ez dira faltako: koadrilen jaitsiera, Sukalki Eguna, XXXVII. Bermeo Uria Ikurrina estropada, Txosna Batzordeak antolatutako elektrotxarangak eta herri bazkariak, su artifizialak, herri kirolak, play-back erraldoia?”, Udaletik adierazi dutenez. “Andra Mari eta Santa Eufemiako jaiek egitarau zabala” dutela aipatu du Aritz Abaroa alkateak, “honelako programa bat aurrera eramateko ezinbestekotzat” jo zuelarik herriko elkarte eta boluntarioen “laguntza eta inplikazioa”.

Salome Campos itsas-zeharkaldia, txupina eta pregoia eta I Love 80 taldearen emanaldia izango dira gaurko gozagarri nagusiak. Biharkoan, bestetik, Andra Mari egun tradizionala izango da eta etzi -su artfizialekin-, giros ederrean ospatzen den Arrantzale Eguna izango da. Andramarien lehen txanpa, beraz, ez da nolanahiko izango. Datorren asteburuko menuan -irailak 13, 14 eta 15- Ozhen eta Nøgen taldeen kontzertuak izango dira; Sukalki Eguna esta estropadak, larunbatean; eta igandean XXVI. Euskal Artzain Txakurren erakustaldia dira programan. “Bukatzeko, irailaren 16an, Santa Eufemia eguneko Baserritarren Azokaren barruan, XXX. Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketa ospatuko da Bermeon”, zehaztu dutenez.

Ohi legez, garbitasun eta segurtasun plan bereziak ezarriko dira irailaren 16ra arte, eraso sexisten kontrako protokolo berezia izango delarik Udaltzaingoaren eskutik, Er-tzaintzaren laguntzarekin.